Korra Pescek eta Martin Eliasek «Rolling Stones» biribildu dute
Italiarrak eta errioxarrak Grandes Jorasses-eko ipar horman dagoen goi mailako bide horretan errepikapen bikaina erdietsi berri dute. Luze gogorrenak, hamar guztira, era librean (6a eta M8) egin zituzten, eta eskaladarako bi bibak soilik behar izan zituzten.
Mont Blanceko mendilerroko Grandes Jorasses-eko ipar hormak notizia izaten jarraitzen du. Batzuek diote ia dena egina dagoela, eta, agian arrazoia izan dezakete, baina batzuetan berrikuntzarik ez badago ere, jarduera konkretu batek bere oihartzuna izan dezake. Eta hori gertatu zaie Korra Pesce eta Martin Eliasi. Hain zuzen ere, sokada horrek “Rolling Stones” bidearen (6a, M8, 1.200 m) errepikapen bikaina egin berri du. Errepikapena bai, baina oso estilo onarekin. Hitz gutxitan esanda, marraren luze gogorrenak (hamar, gutxi gorabehera) era askean igo dituzte, eta jarduera hori biribildu ahal izateko bi bibak soilik behar izan dituzte.
Beraz, irakurtzen den legez, ez da “berrikuntzarik” izan; izan ere, iaz orriotan aipatu genizuen bezala, Luka Lindic eta Luka Krajnc esloveniarrek bide osoa era librean eta bistan sinatu zuten.
Historiari begiradatxo bat ematen badiogu, gogoratu behar dugu “Rolling Stones” Kutil, Prochaska, Slechta eta Svejda eslovakiarrek zabaldu zutela. 1.979. urtea zen (uda), eta garai hartarako egundoko sormen lana izan zen: 6a, A2, 80° eta 1.200 m. Bost urte beranduago, Grison eta Grammondek lehen errepikapena egin zuten; gainera, neguko lehen igoera izan zen. 1985.ean, berriz, Karo, Jeglic eta Svetitic esloveniarrek bigarren errepikapena sinatu zuten; hau, uda garaian.
Bide horretan ere, neguan gainera, hainbat alpinista frantziar igaro dira: Benoist, Thinieres, Moulin, Glairon-Rappaz, Perillat... Baina “Rolling Stones”-ek oraindik «sekretu» bat zuen argitzeke: era askean egin beharreko lehen igoera. Eta, aipatu dugunez, iazko udaberrian, Lindic eta Krajnc gazte esloveniarrek azken ukitu hori eman zioten; marra osoa librean eta bistan poltsikoratuz. Bide batez, gazte horien mailaz jabetzeko, gogoratu behar dugu orain dela pare bat aste aipatu genuen bezala, Lindic-ek Urrezko Piolet saria jaso zuela.
Hain zuzen ere, batez ere Pesceri esloveniarrek eginiko ekarpenarekin arantza bat itsatsita geratu zitzaion: «Onartu behar dut iazko udaberrian esloveniar horiek ‘Rolling Stones’ era askean igo zutenaren berri izan nuenean, egundoko desilusioa izan nuela. Jeff Mercier-ek eta biok librean eskalatzeko grina geneukan. Baina, hara abiatu aurretik (egun bat lehenago zehazki) esloveniarrak aurreratu ziren. Ordutik, marra horrekin aurkako jarrerak izan ditut. Neure alde batek eskalatu nahi zuen; besteak, aldiz, beste erronka batzuen aldeko apustua eskatzen zidan. Eta, azkenean, biak ala biak egin nituen: lehenik eta behin, xede batzuk egin; eta ondoren, ‘Rolling Stones’ eskalatu. Pasa den negua haizetsua izan zen eta, gainera, tartean beste gauza batzuk izan ditugu. Azkenean, Martinek marrara joateko baiezkoa eman zidan, eta apirilean joan ginen».
Alpinista italiarrak ez du duda izpi bat ere “Rolling Stones” bidearen kalitateari buruz: «Ibilbidea oso dotorea da, eta, zalantzarik gabe, Grandes Jorasseseko ipar horman dauden bideen artetik enblematikoenetarikoa da. Pentsa ezazu, eslovakiarrek marra hori zabaldu aurretik Walker ezproian bide zuzen bat irekitzeko xede batek indar handia hartu zuen. Adibide bat jartzeagatik, Yannick Seigneur frantziarrak ‘Directe de l`Amitie’ zabaldu zuenean (Whimper tontorrean amaiera du), benetako xedea Walker gailurrean bukatzea zen, eta ez Whimperren bide bat zabaltzea».
36 urte igaro dira, beraz, eslovakiarrek “Rollin Stones” bidea ireki zutenetik; alabaina, Pescek dioen modura, argi dago marra horrek gaurkotasuna duela: «Aitortu beharra dago marra hori ez dela aldatu. Aldatu dena da bideari nola ekiten zaion. Eslovakiarrek udan zabaldu zuten, eta jarri zioten izena ondo jarrita dago! Suizidaren muga hori hor dago; izan ere, hasierako goulottean harri asko erortzen dira. Eta maiz, gainera. Ordu batzuk eman nituen zati arriskutsu hori eskalatzeko. Arrokazko sekzioetan, berriz, arrisku hori ez da hain handia, baina udan arroka hori ustelduta dago. Beraz, udaran arrisku objektibo horiek han daude, eta ezin dira saihestu».
Era askean
Irakurtzen den bezala, “Rolling Stones” udan oso arriskutsua denez, sokadak erabaki zuen udaberriaren hasieran eskalatzea: «Biok ala biok motibazioz blai geunden: ‘Rolling Stones’ eskalatu nahi genuen! Argi geneukan azkar igo nahi genuela, besteak beste, bibaketan jasaten den hotza eta eguraldi aldaketa zakarrak saihesteko. Hori dela eta, geure estiloa ez zen oso zorrotza izango; ez, bederen, esloveniarrek erabilitakoa bezain ederra; izan ere, biek ala biek era askean eskalatu zuten. Guk apustu hau egin genuen: sokaburuak ahal zuen guztia era askean igo, eta bigarrenak nahi zuen bezala eskalatu».
Apirilaren 12an, sokada paretara eskiekin hurbildu zen. Denbora galdu gabe lehen urratsak egin zituen. Eta lehen ezustea iritsi zen; izan ere, hasierako luzean Eliasek pioletaren xafla apurtu zuen.
Ezbehar horrek ez zuen eraginik izan alpinisten motibazioan, eta aurrera jarraitzea erabaki zuten. Pescek lidergoa hartu zuen, eta sekzio gogor bati ekin zion: «Plaketan eta fisura zailetan dry-tooling delikatuari ekin nion. Pixkaka-pixkaka gaua gainera etorri zen, eta une horretan ez genekien zehazki non geunden. Gure helburua bederatzigarren bilerara heltzea zen, eta ondoren ohartu ginen hamahirugarrenera heldu ginela. Han bibaka egin genuen».
Gaua nahiko eroso pasatu ondoren, biharamun bikain batekin hasi ziren eskalatzen. Hasteko, elur hautsaren astindu batzuk jasan zituzten, eta luze zail bat gainditu ostean, goulotte izoztu baten aurrean jarri ziren. Arratsaldeko seietarako, Elias eta Pesce 22. bileran dagoen erlaitzera heldu ziren: «Hortik aurrera ‘Rolling Stones’ bidearen giltza dago. Gaua nahiko haizetsua izan zen, eta egun lainotu batekin bidearen luze gogorrenei ekin zieten: «Bazirudien zoo batean eskalatzen ari ginela, baina, hori bai, arrisku handiarekin. Ondoren, helduleku txikiak zituen plaka eder bat eskalatu genuen. Tarte hori eskularruekin eskalatzea erosoagoa da, baina hotz egiten zuen eta pioletekin eskalatu nuen. Bilera on bat aurkitu nahi nuen, baina ezinezkoa izan zen, eta artesi tente batean jarraitu nuen. Ondoren, zintzilik dagoen goulotte-aren azpian jarri eta han bilera atondu nuen».
Jardueraren azken luzeetan Elias sokaburu joan zen. Hasieran arroka eta ondoren tximinia tente eta izoztu batean sartu zen. Arratsaldeko seietan, sokada tontorrean zegoen, eta hiru ordu beranduago Boccalatteko aterpean atseden hartzen zegoen.
«35 luze baino gehiago eskalatu genituen, baina marra osoa era askean igotzeko aukerarik ez genuen izan; 10 edo gehiago librean igo genituen», dio Pescek.
Dudarik gabe, biak ere Grandes Jorasseseko ipar hormako «espezialista» bihurtu dira. Datuak: 14 hilabeteren buruan, Eliasek 5 bide egin ditu. Pescek, berriz, hormatzar horretan 13 marra igo ditu. Inolako zalantzarik gabe, Elias eta Pesce curriculum ederra pilatzen ari dira.