Nagore BELASTEGI
IKERGAZTE KONGRESUA

IKERTZAILE GAZTE EUSKALDUNEN ARTEKO HARREMANEN SORLEKUA

EUSKARA EZ DA DESABANTAILA, EZ DITU IKERTZAILE EUSKALDUNAK BAKANTZEN. KONTRAKOA, EUSKAL IKERTZAILEAK BATU EGITEN DITU ETA HORI ULERTZEA GARRANTZITSUA DA GUREA HIZKUNTZA ZIENTIFIKO BILAKATZEKO. EUSKARAREKIN GUZTIA KOMUNIKATU DAITEKE, BAITA IKERKETAK ERE. IKERGAZTE EUSKAL IKERTZAILE GAZTEEN ARTEKO ZUBI BAT BESTERIK EZ DA.

«Ingelesez idazten baditugu ez da kasualitatea, ingelesa jakintzarekin lotzen dugu. Euskara ere zientziarekin lotzea guztion esku dago. Borondatea jarrita lortuko dugu unibertsitatean euskararen erabilpenari eustea». Horrela amaitu zuen hitzaldia Karmele Artetxe historialariak Ikergazte kongresuan izan zuen tartean. Esan nahi zuena zen, berez, ez dagoela zientzia hizkuntzarik, norberak hautatu behar duela zein hizkuntzatan arituko den gai horretan.

Azken finean, euskara ez da zertan muga izan, kontrakoa baizik; ikertzaile euskaldunen arteko zubiak eraiki ditzake nolabait. Udako Euskal Unibertsitatearen kongresu honek ikertzaile gazteak harremanetan jartzea du xede; euren lanak jendaurrean aurkezteko aitzakiarekin, besteen ikerketez busti eta kideekin harreman berriak hasteko aukera ematen die. Atzo hasi zen topaketa Durangoko Landako gunean eta bertan izango dira igandera arte.

Hainbat espazio bereizi dituzte bertan. Aretoetan ikertzaileek euren lanen aurkezpenak egiten dituzte eta gune nagusian posterrak jarri dituzte zintzilik, nahi dutenek irakurtzeko. Horietan ikergai bat agertzen da eta ondoren hori lantzeko erabilitako metodologia. Lortutako emaitzak ere azaltzen dituzte labur-labur. Horrez gain, posterren egilea inguruan egonez gero, gaiaren gaineko azalpen gehiago emateko eskatzeko aukera dago eta horrela zuzenean berarekin eztabaidatu giro informal batean.

Gai zientifikoak gizarteratu

Karmele Artetxeren hitzaldia ekitaldi orokorren artean programatuta zegoen eta ordu erdiko tartea izan zuen bere tesia izandako gaiaren laburpen bat egiteko. Hala, XX. mendeari errepaso azkar bat emanez, aipatu zuen Miguel de Unamunok uste zuela euskara hilzorian zegoela eta aztertua izan zedin bakarrik balioko zuela (1901). Zorionez, garaiko beste intelektual batzuek ez zuten iritzi bera. Kirikiñok “Euzkadi” aldizkarian zuen atala euskaraz idazten zuen. Hala, 1923an artikulu sorta bat argitaratu zuen Albert Einsteinen teoriak azalduz. Kirikiñok berak zioen agian irakurle askok ez zutela testua ulertuko baina garrantzitsua iruditzen zitzaiola erakustea euskarak edozein gai komunikatzeko balio duela. Hura zientziari buruz euskaraz idatzi zen lehen aldia izan zela uste du Artetxek.

Egun gauzak asko aldatu dira. Unibertsitatean euskaraz ikasi eta eztabaidatu ahal izatea askok emandako pauso txikien batuketaren emaitza da. Hedabideetan ere ikerkuntzen berri ematen da sarritan eta horrek zientzia gizarteratzen laguntzen du. Paul Zachary Myers irakasle estatubatuarrak hori aipatu zuen eskainitako beste hitzaldi orokorrean. Bere ustez, zientzia arrotza izan ez dadin hedabideekin landu egin behar da, tokiko komunikabideetatik hasita.

Bestalde, Ameriketako Estatu Batuetan gizartearen ezjakintasunagatik gertatzen diren diskriminazioen berri eman zuen. Alde batetik, oraindik ere emakume ikertzaileek gutxiago kobratzen dute gizonek baino lan bera egiteagatik. Bestalde, adinaren araberako diskriminazioa kontuan hartu zuen. «AEBetan 66 urtetik gorako ikertzaileak gero eta gehiago dira eta 35 urtetik beherakoak, gero eta gutxiago. Baina alde ona ikus ezazue; noizbait zahartuko zarete!», bota zuen txantxetan. Egoera horiek amaitzea guztion erantzukizuna dela azpimarratu zuen.