Jon LEUNDA
Harri-jasotzea

Aimar Irigoienek aise irabazi du harri txikien finala

Izeta IV.ak eskuratu zuen bigarren postua, eta Lopetegi gazteak, hirugarrena. 

Ez zen ezusterik izan eta Aimar Irigoienek aise irabazi zuen atzo Beasainen jokatu zen Gipuzkoako Harri Txikien Txapelketa. Izeta IV.a eta Lopetegi gaztea izan zituen amaierako podiumean lagun. Sei harri-jasotzaile ziren jardutekoak, baina azkenean bost izan ziren, gerrietako arazoak medio, Jagoba Otaegik ezin izan baitzuen atzokoan lanean aritu. Kirolari bakoitzak, 125eko kopa, 112,5ko kubikoa eta 100eko bola erabili behar izan zituen, eta lanerako, berriz, hiru minutuko txanda bana izan zuten harri bakoitzarekin.

Irigoien bera izan zen, gainera, lanean azkena aritu zena, baina harri guztiekin gailendu zen. Kopari, 30 jasoaldi eman zizkion; 22, kubikoari; eta 26, bolari. Guztira, 78 jasoaldi lortu zituen, eta 8.825 kilo jaso.

Bigarren posturako dema polita izan zuten Izeta IV.ak eta Lopetegik. Azken hau izan zen, gainera, 18 urterekin, finaleko gazteena. Izetak 27 jasoaldi eman zizkion kopari; 21, kubikoari; eta 22 bolari. Guztira 70 jasoaldi lortu zituen, eta 7.937,5 kilo jaso. 

Lopetegi gazteak ere lan bikaina egin zuen, eta gertu izan zuen bigarren postu hori, baina azkenean hirugarrenarekin konformatu behar izan zuen. Kopari 28 jasoaldi eman zizkion; kubikoari, 18; eta 23, zilindroari. Kubikoarekin bakarrik lortu zituen Izeta baino jasoaldi gutxiago, baina nahikoak izan ziren hirugarren geratzeko. Denera, 69 jasoaldi lortu zituen, eta 7.825 kilo jaso zituen.

Laugarren sailkatu zen Telleria II.a. Hasieratik bukaerara mantendu zuen postua. Kopari 24 jasoaldi eman zizkion; 17, kubikoari; eta 22, bolari. Denera, 63 jasoaldi lortu zituen, eta 7.112,5 kilo jaso zituen.

Azkena Eizagirre gaztea geratu zen. Berak ere ezin izan zuen azkeneko postu hori saio osoan utzi. Kopari 24 jasoaldi eman zizkion; kubikoari, 14 on eta bi ustel; eta bolari, 19. Denera, zarauztarrak baleko 57 jasoaldi lortu zituen, eta 6.475 kilo bizkarreratu zituen. Lanean aritu ziren guztiak 30 urte baino gutxiagokoak ziren.