Jon LEUNDA
sokatira

Gaztedi A oso indartsu abiatu da 640ko lehiaketan

Gaztedi A taldeak irabazi zuen 640ko lehen jardunaldia, eta mailako txapela lortzeko aurreneko pausoa eman du horrela. Pisu handian bigarren geratu ziren gorritxoak, baina oraingoan Goiherri menderatzeko prest agertu dira. Aurrenekoan, behintzat, Erandiokoak baino hobeak izan dira, nahiz eta oraindik beste bi jardunaldi geratzen diren dena amaitzeko.

Aurreneko saio honetan, jokatutako tiraldi guztiak irabazi egin zituen. Bigarrena izan zuen Goiherri A taldearen aurka, eta gauzak normal joanda, garbi zegoen horko irabazleak ekinaldia eramateko aukera izango zuela, eta horrelaxe gertatu zen.

Bigarren postuan sailkatu zen Goiherri A taldea. Erandiokoek galdu egin zuten Gaztediren lehen taldean kontra, baina gainerako guztiak mendean hartu zituzten. Hirugarren posturako Gaztedi B sailkatu zen. Hauek lehen bi sailkatuekin galdu egin zuten, baina gainerako talde guztiak mendean hartzeko modua egin zuten, eta garbi geratu zen Gaztedik bi talde podiumean sartzeko aukera izango duela, nahiz eta lehen jardunaldian erakutsitakoa hurrengo bietan berretsi beharko duen.

Berdinketa

Laugarren posturako berdinketa egon zen, Mutriku eta Goiherri B taldeen artean. Aurreneko hiru sailkatuekin galdu egin zituzten euren tiraldiak, eta elkarren artean, berriz, berdindu egin zuten, bakoitzak tiraldi bana eramanda. Azkeneko postuan amaitu zuen Gaztedi C taldeak, jokatutako tiraldi guztiak galduta. Nabarmentzekoa da taldean ia denak neskak direla eta mutilen aurka ari direla lehiatzen, beti ere itxura ona emanez.

Horrela, lehen jardunaldia amaituta, Gaztedi A jarri da lehen postuan 6 punturekin; bigarren, Goiherri A, 5 punturekin; hirugarren, Gaztedi B, 4 punturekin; laugarren eta bosgarren, berdinduta Mutriku eta Goiherri B, 2,5 punturekin, eta azkena, Gaztedi geratzen da, puntu bakar batekin.