Zazpi laumilakolotu dituzte hogei orduanSuitzako Alpeetan
Muturreko eski-alpinismoko jarduera ikusgarria egin dutenak Beni Hug eta TonySbalbi izan dira. 65 kilometro eta 7.000 metroko desnibela egin zituzten.
Aurreko aste batean aipatu genizuen mendian gero eta ugariagoak direla abiaduraren inguruko jarduerak. Gustatu ala ez, errealitate bat da, eta horren isla da pasa den maiatzaren 10ean Beni Hug suitzarrak eta Tony Sbalbi frantziarrak Suitzako Alpeetan eginiko zeharkaldia.
Bi kirolari hauek zazpi laumilako lotu zituzten 20 orduan. Eta hori guztia borobildu ahal izateko, 65 kilometroko ibilbideari eta 7.000 metroko desnibelari egin behar izan zieten aurre.
Zazpi laumilakoak, berriz, honakoak dira: Mönch, Jungfrau, Greater Grünhorn, Gross Fiescherhorn, Hinter Fiescherhorn, Fisteraarhorn eta Aletschorn.
Inolako zalantzarik gabe, zeharkaldi ikusgarri baten aurrean gaude. Muturrekoa bai, eta gure ustez, oso eskiatzaile gutxik egin dezakeena. Datu argigarri bat: mendiko eskia praktikatzen duen eskiatzaile “soil” batek egun osoko jarduna behar du aipatu ditugun laumilako horietako bat egiteko. Suitzarrak eta frantziarrak, aldiz, zazpi lotu dituzte 20 orduan.
Argi dago Suitzako Alpeetan gaur egun ez dagoela igo gabeko laumilakorik, baina argi geratu da ere horietan zailtasuna eta abiadurazko estiloa batzen dituzten jarduerak egin daitezkeela. Askok diote ez dela soilik joera bat, baizik eta erronkak sortzeko beste atari bat. Hug-ek, adibidez, esan du izaera horretako aktibitateek etorkizuna dutela: «Abiadura handian egiten den eski-alpinismoko sorrera Beat Kammerlander bezalako alpinisten jardueretan dute oinarria. Duela urte asko, Beat-ek Himalaian ikaragarrizko jarduerak egin zituen eskiekin. Alpeetan, berriz, oraindik makina bat xede egiteke daude».
Erresistentzia luzea
Goi mailako jarduera hau egin ahal izateko, lerrootako protagonistek “nortasun agiri” berezia aurkeztu zuten. Hug Suitzako eskiko hautatzailea da, eta betidanik mendiko kiroletan murgildua ibili da. Mendiko eskiari dagokionez, aipatu behar da iazko “Patrouille des Glaciers” lasterketan bigarren sailkatu zela. Sbalbik, berriz, Suitzan egiten du lan mendi gidari eta mendiko eskiko lehien entrenatzaile bezala. Frantzian bizi zenean, nazioarteko mendiko eskiko lasterketetan makina bat podium erdietsi zituen.
Bistakoa denez, izaera horretako muturreko zeharkaldi bat ondo baino hobeto planifikatu ahal izateko denbora asko behar da, batez ere, ekiteko unea iristen denean sasoi fisiko zein psikologikoa primeran edukitzeko. Pasa den maiatzaren 10ean, gauerdian, hain zuzen ere, hasi zuten aktibitatea bikain borobildu zuten 20 ordu geroago.
Erresistentzia luzeko bi espezialista hauek oso eraginkorrak izan ziren. Eta nekea behin baino gehiagotan azaldu bazitzaien ere, protagonistok adierazi dute xedea bertan behera uzteko mamua ez zela azaldu. Sbalbiren kasuan, azken laumilakoaren igoerari ekin aurretik arazo fisikoak izan zituen; batez ere karranpa gogorrak jasan zituen.
Alde teknikoari erreparatuta, berriz, buruhauste handienak zeharkatu behar zituzten ertzetan kokatu ziren: «Inolako zalantzarik gabe, zazpi laumilakoen zeharkaldian arazo larrienak Aletschorn-eko Hasler ertzean izan genituen. Goialde horretan elurraren baldintzak oso kaskarrak ziren. Horren ondorioz, zati hori inguratu egin behar izan genuen, eta han zeuden harriek buruhauste handiak sortu zizkiguten. Alabaina, 20 ordu geroago, helburua patrikan sartu genuen. Leher eginda geunden, baina pozarren. Sinatu berri dugun xedea egiteko, gehienez ere 24 orduko marra jarria genuen, eta lau ordu soberan izan ditugu».