Ion SALGADO
GASTEIZ
Entrevue
UNAI PEREZ DE SAN ROMAN
AILAKET ELKARTEKO KOORDINATZAILEA

«Europan sei lagun hil dira dagoeneko PMMA anfetamina hartzeagatik»

Hurrengo asteetan Unai Perez de San Romanek (Gasteiz, 1978) Euskal Herriko txoko ugari bisitatuko ditu Ailaket elkarteko furgonetarekin. Jendeak hartzen dituen drogak aztertzea izango du eginbehar. PMMArekin kontuz ibili behar dela ohartarazi du.

Ailaket 1998an sortu zen kolektibo bezala eta ordutik hona drogen prebentzioa modu alternatiboan lantzen ari da. Nolakoa da Ailaketen lana?

Ailaket droga kontsumitzaileen eta kontsumitzaile ohien elkarte bat da, eta gure lana prebentzioa sustatzea da. Prebentzio berezia dela esan daiteke, eta askotan azaldu behar dugu nola ulertzen dugun prebentzio hori, erabiltzaile batetik bestera egiten den prebentzioa baita. Izan ere, analisiak egiten aritzen garenean guregana hurbiltzen direnak kontsumitzen ari dira, eta, beraz, mezua ezberdina izan behar da, ezin dugu prebentzio unibertsala egin. Guri esker kontsumitzaileak badaki zer kontsumituko duen eta zerekin dagoen moztuta. Eta hori jakin ondoren ikusten dugu zer egin dezakegun aurkitutako substantziak kalte gutxiago eragiteko.

Herriko jaietan Ailaketeko furgoneta erabiltzen duzue drogen analisiak egiteko. Jendea zuengana hurbiltzen da?

Bai, egun jendea errazago hurbiltzen da guregana; azken finean, hamahiru urte daramatzagu analisiak egiten herriko jaietan. Pasa den egunean Arrasaten egon nintzen eta jendeak modu naturalean ikusten zuen Ailaketen lana. Agian, herri txikietan kontsumitzaileak ez dira hain erraz hurbiltzen, drogak gaizki ikusita daudelako; presio bat dagoela sumatzen dugu. Batzuetan, herri txikietan beste herrietako jendea hurbiltzen da guregana, esate baterako, Urduñako jaietan bertakoak ez ziren guregana hurbiltzen baina bai Amurrio eta Laudioko gazteak.

Zeintzuk dira gehien analizatzen dituzuen substantziak?

Gehien analizatzen dugun substantzia kalamua da. Azken bost urteetan joera aldatu dela nabaritu dugu. Lehen haxixa aztertzen genuen gehiago, eta, egun, marihuana. Ondoren, gehien analizatzen dugun droga speed-a izango da, eta ostean kokaina, MDMA, ketamina… Dena den, jai giroan gehien hartzen den substantzia alkohola da. Askotan polikontsumoa ere ikusten dugu. Jende kalamua aztertzera dator, baina, galdetzerakoan, esaten dizute alkohola, tabakoa edo kafeina ere hartu dutela.

Alkohola, tabakoa, kafeina, kalamua... Droga bigunak al dira gehien kontsumitzen direnak?

Ezberdintzea ez zaigu batere gustatzen. Ezin ditugu drogak bigunen eta gogorren artean banatu, denak daudelako kontsumoari lotuta. Alkohola, esaterako, biguna dela suposatzen da, baina arazo ugari sortzen ditu. Eta gure gizartean arazo gehien sortzen dituen substantzia alkohola da; pentsa, heroinak berak baino arazo askoz gehiago sortzen ditu.

Heroinak 80ko hamarkadan heriotza asko eragin zituen Euskal Herrian...

Bai, heroina epidemia bat izan zen gurean eta hori ez dugu ahaztu behar. Eta gure helburua hori ez errepikatzea da. Izan ere, 80ko hamarkadan ez ziren existitzen Ailaket bezalako elkarteak eta jendeak ez zekien zer zen heroina; ez zegoen inolako aukerarik substantziak analizatzeko. Eta oso garrantzitsua da ikustea nola hartzen zen ere, ez delako berdina zainetatik sartzea substantzia bat edota edatea, kafeina hartzen dugun bezala. Esaterako, niri ez zait inoiz bururatu zainetatik sartzea kafeina; egin daiteke baina ez dugu egiten.

Gaur egun batzuek harreman zuzena ikusten dute kalamuaren eta gaixotasun mentalen artean.

Bai, baina droga guztiekin gertatzen da hori, guztiek dute ahalmen hori. Speedarekin ere amaitu dezakezu Zazpigarrenean [Santiago ospitaleko psikiatriako gelak dauden solairua], baita alkoholarekin ere. Kalamua gero eta gehiago kontsumitzen da, eta egiten ditugun analisietan ikusten dugu marihuanak gero eta potentzia handiagoa duela, gero eta psikoaktibitate maila handiagoa, gero eta THC gehiago. Hori, gainera, sustatzen ari da marihuanaren inguruan dagoen marketinarekin. Haziak saltzen direnean jartzen du zenbatekoa izango den THC portzentajea. Askok TCH gehiago edukiz gero hobeagoa izango dela uste dute, eta ez dakit hala den ala ez. Pentsatu zer gertatuko litzatekeen alkohola edaten duen jendeak whiskia edo destilazio altuko alkohola edango balu soilik. Hori ona da?

Kontsumoari dagokionez, patroi bat ba al dago? Ezberdintasunik ba al dago nesken eta mutilen artean?

Ez dago patroi bat, baina ikusten ditugu joera batzuk. Guregana hurbiltzen diren gehienak mutilak dira; ia-ia %80 mutilak dira eta %20 neskak. Alde hori are nabariagoa da analisiak egiterakoan. Eta Eusko Jaurlaritzak ateratzen dituen txostenetan ere ezberdintasunak nabariak dira. Egia da gazteen artean parekatu egiten dela kontsumoa, baina, helduen artean, gizonek hartzen dituzte droga gehiago. Substantzia mota bat bakarrik dago neskek mutilek baino gehiago hartzen dutena: psikofarmakoak. Hau da, lo egiteko hartzen diren pilulak. Nahiz eta medikuak errezetatu, hauek ere drogak dira, eta, alkoholarekin nahasten badira, arriskutsuak dira. Gazte eta helduen ezberdintasunei dagokionez, kontsumo pautak aldatu egin dira azken urteetan, eta gero eta jende helduagoa etortzen da guregana. Egoitzan daukagun Puntu Finkora etortzen direnen batez besteko adina 30 urtetik gorakoa da, eta 40 urteko jendea ere etortzen da. Jendeak uste du drogen kontsumoa gazteen kontua dela, eta nire ustez ez da horrela. Egia da gazteek drogak hartzen dituztela, baina 40 urte baino gehiago dituzten pertsonek ere hartzen dituzte drogak.

 

PMMA drogaren inguruan asko hitz egin da azkenaldian komunikabideetan, hainbat heriotza eragin ditu-eta Europan. Gurean topatu al duzue?

Alerta Europatik heldu zen, sei pertsona hil dira-eta jada bertan. Ingalaterran neska bat hil zen eta bere ama hedabideetan atera zen, agintarien jarrera kritikatuz. Amaren ustez, Ailaket bezalako proiektuekin horrelako kasuak ez lirateke gertatuko. Euskal Herrian PMMA zuen lehen pilula Energi Control elkarteak topatu zuen Bizkaitik bidalitako lagin bati esker. Bigarren pilula Ertzaintzak topatu zuen Santurtzin, eta azken biak guk topatu ditugu Gipuzkoan, Debabarrena eskualden zehazki. Superman-en ikurra zuten pilulak ekarri zizkiguten, zerbait entzunda zutelako. Azterketa egitean, pilulek PMMA zutela ikusi zuten.

Zer da PMMA?

PMMA anfetamina bat da, indar handikoa. Baditu MDMArekin antzekotasunak. Arriskuak ezjakintasunaren ondorio dira, kontsumitzaileek ez dakite-eta PMMA hartuko dutela; uste dute MDMA dela eta dosifikazioa ez da bera. PMMA dosi txikietan hartu behar da, eta kontuan izan bere efektuak MDMAk dituenak baino geroago nabaritzen direla. Batzuek pilula bat baino gehiago hartzen dute esperotako efektua nabaritzen ez dutelako, efektua oraindik heldu ez delako. Antzeman ditzakezun efektuak anfetaminarenak dira, eta, gehiegi hartuz gero, bero handia eta takikardiak. Hil direnak gorputzaren tenperaturak nabarmen gora eginda hil dira, bero kolpe batengatik.

Salamancan hildako Donostiako gaztearen heriotzak ba al du PMMArekin zerikusia?

Ez dakigu zer gertatu zen. Ez dakit analisi forentsea egin zioten hala ez.

 

«Sariak egiten dugun lana ikustarazteko balio izan digu»

2012an Lonja Laket!! programak Europako Pompidou saria jaso zuen. Bultzada bat izan da zuentzat?

Egiten dugun lana ikustarazteko balio izan digu; gizarteak egiten duguna ezagutu eta ulertzeko. Gazte lokaletan egiten genuen proiektu bat saritu zuten eta egitasmo hori indartzeko ere balio izan du. Zaila da horrelako programa selektiboak erakundeen aurrean defendatzea; oso jende gutxira heltzen dira eta erakundeak garestiak direla esaten dute. Testing programari esker 200 pertsonarengana heltzen zara gau bakarrean, eta, lonjen proiektuarekin, hamabost pertsonarengana. Baina hamabost pertsona horiekin egiten duzuna sekulako lana da; sei orduko saioak izaten dira eta harremanak sortzen dira gazteen eta elkartearen artean. Askotan gazteak elkarteko kide egin eta prebentzio lana egiten hasten dira.

Nolakoak dira erakundeekin dituzuen harremanak?

Guk batez ere Eusko Jaurlaritzarekin egiten dugu lan, eta 40 udalekin ere badugu harremana. Arabako Foru Aldundiarekin ere lan egiten dugu. Erakundeekin ditugun harremanak onak dira, baina beti gabiltza gauza gehiago eskatzen, beti gaude tirabira batean. Drogen inguruan egiten diren politikei dagokienez, ikusi behar dugu ere zenbat diru erabiltzen den prebentzioa sustatzeko eta zenbat errepresioa mantentzeko.

Eta enpresa pribatuekin?

Oso zaila da enpresekin lan egitea, kasu zehatz batzuk kenduta. Askok drogak txarrak direla uste dute eta “droga” hitza entzuterakoan droga ilegaletan pentsatzen dute. Eta enpresa batzuentzako Ailaket baliabide bat izan daiteke, zerbitzu bat eskaintzen dugulako.

Zeintzuk dira Ailaketen erronkak?

Etorkizunera begira bazkide gehiago izatea nahi dugu. Ailaket handitzen ari da; egun bost lagunek egiten dugu lan bertan, eta drogei buruz hitz egiteko deitzen gaituzte. Handitzen ari gara, eta lan gehiago dugu. Eta ikusi behar dugu nola kudeatzen dugun guztia. Elkarte bat kudeatzea ez da-eta erreza.I.S.