Ibilian ibiliz
Uda soseguz ibiltzeko garaia omen da, nagikeriari tarte bat uztekoa. Urtaro beroaren atarian, liburu bitxi hau aukeratu dugu. Ibiltzearen plazera berreskuratzeko hogei urratsak zein diren erakusten du. Deskribapen soila baina ez sakontasunik gabekoa.
Sarri oharkabean pasatzen dira liburu batzuk, beste batzuk argitaratzerakoan egiten den zalapartak zokoratuta. Horregatik nabarmendu nahi dugu gaurkoan edertasun berezia duen kontakizun hau, zaratarik atera gabe heldu zaigun ereserki xumea.
“Ibiltzaile onaren eskuliburua”-ren sarrera Carl Honore kazetari kanadarrak idatzia dugu, slow filosofia mugimenduaren bultzatzaileak, zeina gizartearen abiadura moteldu eta gauza bakoitzari bere denbora ematearen alde agertzen baita. Horrela, azaltzen digu Ipar Amerikan ohikoa dela autoa hartzea ondoan dagoen dendara joateko, han ez baita ibiltzeko kulturarik.
Ibiltzearen aldeko gorazarrea narrazio ugaritan da funtsezko gai. Hor dugu Suskind-en “Sommer jaunaren istorioa”, gizon misteriotsu eta isila. Edo berriki esku artean izan dudan Jiro Tinaguchiren “El caminante” komikia, non protagonista hiritik noraezean dabilen ibiltaria dugun. Rebecca Solnit saiakera egileak “Wanderlust” liburuan ere ibiltzen diren pertsonen testigantzak jasotzen ditu, ibiltzea liberazio mugimendutzat hartzen duten kontakizun interesgarriak.
Geurera itzuliz, Raimon Juventeny (Bartzelona, 1977) ilustratzailea da hogei aholku xume eta zehatz hauek jaso eta liburuari bizitza eman dion egilea. Marra lauso eta bolumen txikiko irudiak, goizeko eguzkia agertzen denetik ezkutatzen den arte gauzatzen diren detaileak. Lankidetzan jardun dira hainbat argitaletxe liburua katalanez, galizieraz, gaztelaniaz eta euskaraz kaleratzeko; haur, gazte zein helduentzat gomendagarria den irakurketa berezia.
Ibiltzearen plazera, xarma goxoa duen ekintza. Ariketa osasungarria, kuriositatea ezinbestekotzat duen jarduera. Presarik eta kezkarik gabe, denboraren igarotze sosegatua galdu duen gizarteari eta pertsona urduri eta ipurterreari eginiko kritika antzematen da liburuan. Hori guztia –eta gehiago– zoriontasuna ibilian ibiliz datorrela pentsatzen dutenen aldeko liburu honetan.
Has gaitezen, bada, ibiltzearen aldeko aldarrikapena eginez, tipi-tapa, oinez, udaz gozatzen.