Idoia Etxeberria, markarik handiena egiteko prest
Oriotarrak Alegiako Larraitz plazan egingo du saialdia bihar arratsaldean, 18.00etatik aurrera.
Marka ahaleginak hartuko du protagonismoa asteburu honetan; izan ere, bihar, 18.00etatik aurrera, Alegian, Larraitz plazan, Idoia Etxeberriak emakume batek inoiz plazan egin ez duena egin nahi du: 157 kiloko harria bizkarrean berdindu.
Aimar Irigoienek 200 kiloko “Paskualtsoro” harriarekin egin behar zuen beste saio bat, Goenatxo II.ak orain dela hamaika urte lortu zuen marka hobetzeko asmoz. Orduan, azkoitiarrak bost minutuan bederatzi jasoaldi egin zituen. Errezildarrak entrenamenduetan min hartu du, ordea. Garai bateko harri berezi horietakoa da, tamainaz nahiko txikia, eta izterrean, harriari buelta eman beharreko lekuan, dauka min. Hala, ezingo du marka ahaleginik egin asteburuan, baina udazken aldean egiteko asmoa agertu duen.
Idoia Etxeberriak ere ez du edonolako marka egin nahi, orain arte emakume batek inoiz egin duen markarik handiena lortu nahi du. 157ko harri errektangularra erabiliko du bost minutuan, eta berak 2012an jarri zuen marka ondu nahi du. Orduan 150eko errektangularra lau aldiz berdindu zuen bizkar gainean, eta oraingoan bezalaxe, orduan ere bost minutuko txanda bakar bat izan zuen.
Marka egin zuen egunean, aurreneko jasoaldia ematea kostatu zitzaion gehien; hortik aurrera gauzak oso ongi egin eta beste hirutan jaso zuen. Oraingoan ikusiko da zenbat jasotzen dituen. Jasoaldi bat gehiago lortzea nahikoa izango du marka egiteko, baina ongi badoa, saiatuko da gehiago ere egiten.
Giza-proba
Giza-proban, Gipuzkoako Liga azken jardunaldira iritsi da, eta gaur, 18.00etan, Elgoibarko probalekuan jokatuko da amaierako saioa. Itziarko Andutz, Mendaroko Tope Natxiok, Debako Tarinak eta Berrobi lehiatuko dira, orain arte aritu diren lau taldeak, alegia.
Jadanik hiru jardunaldi jokatu dira; Berrobik irabazi zuen aurrenekoa, baina beste bietan hirugarren geratu zen. Itziarko Anduitz taldeak bereganatu ditu azkeneko bi saioak, eta ikusita nolako sasoian dabilen, agian bera da txapela eskuratzeko faboritoa. Oraingoz bera doa lehendabiziko.
Sortutako ikusmina ere ikaragarria da, talderik gehienek baitituzte txapela lortzeko aukerak, eta tiralariak ere gazteak direnez, gazte jende asko espero da. Orokorrean zale asko batu da saioak ikusteko, eta azkenekoa izanda, Elgoibarko Sigmako probalekuan jendetza espero da, baita emozioa ere, ez baitirudi amaierara arte erabakiko denik. Orain arteko saio guztietan taldeen arteko aldeak oso txikiak izan dira.
Talde bakoitzak zortzi tiralari eraman beharko ditu, eta 660 kilotan sartuta joan beharko dute. Bakoitzak 20 minutu izango ditu lanerako, eta 900 eta 1.000 kiloren arteko harria erabili beharko dute.
Amaiera gero eta gertuago dago
Sokatirako denboraldia amaitzear dago, 560ko maila bakarrik falta baita dena burutzeko. Hala, gaurtik aurrera jokatuko dira falta diren hiru jardunaldiak. Laukizen abiatuko da 560koa, gaur, 17.30ean hasita, eta hemendik hamabost egunera bukatuko da Zorrotzan. Taldeak ere orain arte aritu diren berak izango dira. Goiherri A, Gaztedi A, Goiherri B, Gaztedi B, Mutriku eta Gaztedi C. Txapela lortzeko faboritoak ere bi izango dira, Gaztedi A eta Goiherri A. Orain arteko txapel guztiak euren artean banatu dira, eta garbi ikusi da gainerako talde guztien gainetik daudela, eta ez dirudi beste inork kenduko dienik.
Orain arteko mailetan, Goiherrik bi txapel lortu ditu, eta Gaztedik, berriz, bat. Ondorioz, Laukizko taldeak bere aurkaria berdintzeko aukera ez du alferrik galdu nahiko. Aurreneko jardunaldia etxean jokatzen dute, eta irabazten hastea oso garrantzitsua izaten da, gero bidea errazago egiteko. J.L.