Hutsuneak ahaztu eta txapeldun berriaren bila
San Miguel, iazko irabazlea, eta Koteto Ezkurra, 11 txapelen jabea, gabe hasiko da lehia larunbatean.
Erremonteko Buruz Buruko Txapelketa, joko era horrek urte osoan izaten duen hitzordu garrantzitsuena, larunbat honetan hasiko da Hernaniko Galarreta pilotalekuan. Azken urteotan lehiaketa sistema apur bat aldatu den arren –uztailean kanporaketa aurreko batzuk jokatzen dira–, txapelaren benetako lehia abuztuan eta iraileko lehen egunetan jokatuko da, ohi bezala.
Kanporaketa aurreko horietan sailkapena lortu duen pilotaria Xuban Oiarzabal Matxin III.a izan da, azken neurketan Beñat Segurola mendean hartuta, eta hurrengo partida larunbatean jokatuko du Ion atzelari azpeitiarraren kontra. Adin bertsukoak eta inguruan jaioak, dema polita izango dute. Irabazlearen saria: eskaileraren hurrengo koskan Endika Urrutia saldiastarraren aurka jokatzea.
Bigarren norgehiagoka hori hurrengo asteartean jokatuko dute, eta horko irabazleak finalerdietako ligaxkan sartzeko txartela eskuratuko du. Ligaxka horretan zain daude jada Javier Urriza eta Xanti Uterga nafarrak, bi faborito nagusiak, eta laugarren partaidea beste kanporaketa batetik irtengo da: Aritz Etxeberria Etxeberria IV.ak eta Endika Barrenetxea Barrenetxea IV.ak abuztuaren 15ean jokatuko dutenetik.
Esan bezala, lau onenek ligaxka formatuan jokatuko dituzte finalerako bi txartelak. Ligaxkako partidak astearte eta larunbatetan izango dira, zehazki abuztuaren 18an, 22an, 25ean, 29an, irailaren 1ean eta 5ean. Neurketa bakoitzeko irabazleak 4 puntu jasoko ditu; 27 eta 29 tanto artean egiten dituen galtzaileak, 2; 24 eta 26 artean gelditzen denak, 1; eta 24 tantoz azpitik gelditzen denak, bat ere ez.
Antolatzaileek jakitera eman zutenez, ligaxka horretan atzerapenak egon litezke. Pilotariren batek bere neurketa jokatu ezin badu, hurrengo asteko ostegunera atzeratuko zaio partida. Hala ere jokatu ezingo balu, partida galdutzat emango zaio. Gainera, bi pilotariren artean berdinketaren bat izango balitz, euren arteko norgehiagoka irabazi duena irtengo da garaile, eta berdinketa hiru erremontistaren artekoa bada, tanteo orokorra hartuko da kontuan.
Hainbat arrazoi
Txapelketa berezia izango da aurtengoa, bi hutsune nabarmen izango dituelako. Alde batetik, Julen San Miguel, iazko txapelduna, ez da parte-hartzaileen artean izango, aurtengo urtarrilean enpresatik bota baitzuten. Azken ekitaldian Urrizari 19-30 irabazi zion finala, eta aurrez ere beste bi final jokatua zen, 2013koa eta 2010ekoa.
Beste hutsunea Koteto Ezkurrak utziko du. Doneztebeko pilotari aparta hamaika aldiz izan da txapeldun, azkena 2010ean, eta beste hiru final ere jokatua da, hamalau guztira. Kasu honetan, aurrelariak berak egin zion uko lehiaketari, fisikoki maila onean ez dagoela onartu eta beste pilotariei aukera emanez.
Gauzak horrela, Javier Urriza eta Xanti Uterga dira faborito nagusiak hasiera batean. Urrizak azken hiru finalak jokatu ditu segidan, 2012an eta 2013an txapeldun irtenda gainera. Baina lesio larri batetik irten berria da iruindarra eta ikusi egin beharko da zer mailatan iristen den abuztu amaierara.
Utergak, bestalde, ez du inoiz Buruz Buruko final handia jokatu, baina goi mailan dabil azken urte luzeetan. Frontoi motzean onena izan da, eta bikoteka ere gora egin du nabarmen. Aurten aukera ona izan dezake.