TXUMAI ITURRIA
Mendi Martxako antolakuntzaren izenean
GUTUNAK

Oinarri sendoko aldarri

2015eko Euskal Selekzioaren Aldeko Mendi Martxa amaitu da. Zortzi egunez 200 ibiltari inguruk hartu dute parte eta 100 lagunetik gora aritu dira azpiegiturak prestatzen: ongietorriak, lotarako lekuak, dutxak, afari herrikoiak... Ehunka atxikimendu ere jaso ditugu: kirolariak, kultur eragileak, elkarteak, herritar xumeak, alkateak, zinegotziak, parlamentariak... Iragan ditugun herrien sostengua ere jaso dugu: Plentzia, Bakio, Bermeo, Elantxobe, Ibarrangelu, Ea, Ondarroa, Mutriku, Zumaia, Getaria, Zarautz, Donostia, Hondarribi, Ziburu... Egundoko berotasuna, bultzada eta elkartasuna jaso ditugu: kalejirak, kantu eta bertso poteoak, batukadak, joareak, luntxak...

Egunotan bertatik bertara atzeman dugu Euskal Herriko Selekzioaren aldeko aldarriak gero eta oinarri sendoagoa duela. Ofizialtasunaren beharrak eta sentimenduak egunetik egunera gero eta atxikimendu gehiago biltzen ditu, eta horrek beste urrats batzuen beharra agerian uzten du. Garaia heldu da gai honen inguruan zeresana dugun kirolari, gizarte eragile, kirol federazio, instituzioak... elkartu eta bide orri zehatza ados dezagun denon erritmoak errespetatuz. Jaurlaritzak duela urtebete inguru plazaratutako txosten juridikoak garbi adierazten zuen bezala, Euskal Herriko Selekzioen ofizialtasunaren afera ez da juridikoa, borondatezkoa baino. Bitartean, guk geureari helduko diogu, 2016ko Mendi Martxa ate joka dugu eta prestakuntza lanak abian dira.

Mila esker denoi.