Aitzol Atutxak oso azkar topatu du irabazteko bidea
Aizkolari bizkaitarrak hasieratik hartutako abantaila baliatu eta lehen aldiz eraman du Urrezko Kopa.
Aitzol Atutxak irabazi zuen atzo Donostian jokatu zen Urrezko Kopa. Aizkolari bizkaitarra zen txapela lortzeko faborito nagusia, eta bere aurrenekoa lortu zuen. Hasieratik bukaerara izan zen aurreneko postuan, eta merezitako garaipena lortu zuen. Aizkolari bakoitzak hamalau kana-erdiko ebaki behar izan zituen, eta jendeak ere sekulako erantzuna eman zuen, Trinitate plazako harmailak erabat bete baitziren saioa ikusteko.
Aitzol Atutxak laugarren parte hartzea zuen Donostiako lehiaketan, baina aurreko hiruretan bigarren amaitu zuen, eta atzo ez zuen gauza bera pasatzerik nahi, eta bere helburua ongi bete zuen. Hasieratik hartu zuen aurre, eta tartea zabaltzen joan zen. Lan erdietarako ikusi zen zerbait gertatu ezean berak irabaziko zuela, eta horrelaxe izan zen, zuen alde hori gehitu egin baitzuen, eta amaieran txapela aise irabazi zuen, etorri aurretik zuen xedea bapo betez.
Emoziorik handiena bigarren posturako egon zen, hantxe aritu baitziren Iñaki Azurmendi eta Jon Irazu. Saioa bukatu arte ez zen erabaki bien arteko dema, eta amaieran zizurkildarrak eskuratu zuen bigarren postu hori. Azurmendi, horrenbestez, hirugarren izan zen.
Hortik atzerako postuak ere berehala finkatu ziren. Otaegik laugarrena hartu zuen, eta horri eusten joan zen, eta amaieran hantxe bukatu zuen, Olasagasti atzean utzi baitzuen. Igeldotarrak ere ezin izan zuen azkeneko postu horretatik ihes egin, eta amaieran sailkapena berak itxi behar izan zuen.
Aitzol Atutxak lan ona egin zuen eta hamalau kana-erdikoak ebakitzeko 32 minutu eta 7 segundo behar izan zituen. Hala ere, ez zuen txapelketako marka hobetzerik izan. Bigarren postuan Jon Irazuk amaitu zuen, eta berak 34 minutu eta 7 segundo behar izan zituen. Iñaki Azurmendik, aldiz, 34 minutu eta 14 segundo behar izan zituen. Joseba Otaegik 37 eta 29 segundo behar izan zituen bere lanak egiteko, eta, Joxemari Olasagastik, 39 minutu eta 36 segundo.
Urrezko Kopan azkeneko Euskal Herriko Txapelketako bost onenak lehiatzen dira, eta atzoko Donostiako saioan ere horrelaxe izan zen. Orain, aizkolariek aurtengo Euskal Herrikoa prestatu beharko dute, laster izango baitute.