PATXI AZNAR BELLIDO
GUTUNAK

Legazpik erabakitzen du, eta Gipuzkoak?

Irakurri dudan idazkiak “Legazpia decide” izenburua darama. Idazki honen gogoetak bi zatitan banatuko ditut. Lehenengoan jorratuko dut zabor bilketari buruzko alderdi teknikoa eta bigarrenean, berriz, galdeketaz hitz egingo dut. Lehenengoan, idazki honen egileei ulertzen diedanez, edukiontzi grisa (errefusarena) kalean egonda, Zegamako edo Olaberriko bereizte tasak parekatu nahi dituzte. Nire ustez, helburua argi edukita, lortzea ez da hain zaila, nahikoa baita asmatzea zabor bilketaren sistemarekin. Kontuan hartu behar da zegamarrek edo Olaberrikoek gaur egun dituzten bereizte tasa altuak, epe baten barruan, proba batzuen bitartez lortu zituztela.

Bestalde, bozketaz hitz egitean, idazkiaren sinatzaileak pozik daude alkateak kasu egin dielako eta edukiontzi grisa jarriko duelako. Nire ustez, jendearen nahiak betetzea oso garrantzitsua da, herritar guztien nahiak betetzen badira; adibidez, egingo duten zabor bilketaren sistemari buruzko galdeketan beste legazpiar batzuei gustatuko litzaieke, horrez gain, errauskailuaz bozkatzea. Galdera zuzena hau da: honetarako aukera edukiko dute? Nire zalantza Andoainen gertatutakoan errotzen da; han, aurreko hauteskundeak baino sei egun lehenago EAJ-PNVtik errauskailuari buruzko galdeketaren aldeko jarrera erakutsi ziguten, eta orain non dago galdeketa?