Jauregitarrak nagusi izan dira Arabako finalean
Arkaitz eta Aitor Jauregik irabazi zuten atzo Olarizun, Gasteizen, jokatu zen Arabako Binakako Txapelketako finala. Faborito nagusiak ere eurak ziren, eta ez zuten kale egin. Ikaragarrizko jendetza batu zen finala ikustera, tartean zegoen festa giro bikaina aprobetxatuz.
Lau bikote neurtu ziren, eta bakoitzak lau kana-erdiko eta bi 60 ontzako ebaki behar izan zituen. Jauregitarrek hasieratik bukaerara menderatu zituzten gainerakoak. Biek ere abizen bera izan arren, ez dira senideak, nahiz eta askok anaiak direla uste izan. Arkaitz ikaragarrizko denboraldia egiten ari da, abuztuaren hasieran irabazi egin baitzuen Arabako Lehen Mailako txapela ere, eta Euskal Herriko Bigarren Mailakoan ere finalean sartua da.
Hasiera-hasieratik hartu zuten aginte makila, eta ez zieten besteei inongo aukerarik eman. Arkaitz oso ongi jardun zen saio osoan zehar, eta bere babesean, Aitorrek ere oso lan txukuna egin zuen, azkenean txapela soinean zutela amaitzeko.
Emozioa bigarren posturako izan zen, bi bikote oso parean aritu baitziren. Alde batetik, Llanos eta Kintana eta, bestetik, Kortxero eta Rodriguez I.a. Elkarrengandik oso gertu izan ziren saio osoan zehar. Behin irabaziko ez zutela ikusi zutenean, bigarren postuaren bila joan ziren, eta amaierara arte ez zuten ezer erabaki. Bukaeran 27 segundoko aldea baino ez zegoen bien artean, baina horrelakoetan gertatzen den moduan, batzuek amaitutakoan besteek erritmoa jaitsi zuten, atzeko bikoteak harrapatzeko arriskurik ez baitzuten, eta amaieran bien arteko aldea handitu egin zen.
Leku berean
Juan Carlos Lopez eta Juanillo Rodriguez hasieratik geratu ziren atzean eta horrelaxe jarraitu zuten bukaerara arte. Aurreko hirurek ihes egin zieten, eta haiek harrapatzeko ahalegina egin baldin bazuten ere, ezinezkoa egin zitzaien, eta amaieran azkeneko postu horretan bukatu zuten.
Lan guztiak burutzeko, Arkaitz eta Aitor Jauregik 14 minutu eta 2 segundo behar izan zituzten, eta horrekin txapela lortu zuten. Bigarren postua Llanosek eta Kintanak lortu zuten, eta hauek 16 minutu eta 8 segundo behar izan zituzten. Hirugarren, Kortxerok eta Rodriguezek egin zuten, eurenak egiteko, 16 minutu eta 35 segundo pasata. Azkenak, Lopez eta Rodriguez II.a sailkatu ziren, eta hauek egin beharrekoa 19 minutu eta 38 segundoan egin zuten. Jendeak gozatua hartu zuen finalarekin.