Juan Martin Elexpuru
Euskal Filologian doktorea
GAURKOA

Baskoniako ipuin bat

Euskal Telebistak ekoitzitako «Baskoniako historia bat: euskalduntze berantiarra» dokumentalaz dihardu autoreak. Erromatarren garaian akitaniarrak omen ziren euskaldun bakarrak eta Inperioaren gainbeheraren ondoren Bidasoa hegoaldea inbaditu eta euskaldundu omen zuten. Elexpuruk teoria horren aurkako datu ugari eskaintzen ditu, eta duela ehun urte hasi zen joera batekin lotzen du.

Nolako astea! Igande gauean euskaldun asko oheratu ginen pentsatzen, mitozale amorratuak izaki, Paleolito Aroko gizakiaren jatorrikoak ginela ziurrenik, Ekain, Lascaux eta Altamira margotu zuten haien ondorengoak. Aita Barandiaranek hori iradoki zigun, eta berriki egin diren azterketa genetikoek ere ez dute ezeztatu, aztarna paleolitiko ugari omen dagoelako gure gene-zopan.

Baina asteleheneko gosariarekin, lurrikara. “Euskaldunak ez dira uste bezain zaharrak” titulatzen zuen Madrileko egunkari batek. «Je-je, kar-kar!», suma zitekeen lerro artean. Asteartean euskal prentsara eta Internetera argibide bila jo eta jakin genuen Atapuercako zenbait giza hezur aztertu dituztela Upsala-n eta ondorioztatu dutela orain dela zazpi mila urte inguru heldu zirela euskaldunak Ekialde Hurbiletik eta aldean ekarri zutela laborantza eta abeltzaintza Europara. Gainera, sardiniarren eta euskaldunen arteko antz genetiko harrigarria nabarmentzen zen, eta euskara eta paleosardiniera senideak izan zitezkeela iradokitzen. Tira, hain gaizki ere ez, pentsatu nuen; alde batetik, milaka urteak galtzen genituen, baina bestetik, ez da ahuntzaren gauerdiko eztula laborantzaren eta abeltzaintzaren ekarleak izatea Europara, eta, nork daki agian asmatzaileak ere bai. Gainera, euskara eta paleosardinieraren arteko senidetasunaz liburua amaitzear dudanez… je-je, kar-kar.

Baina pozak gutxi irauten du pobrearen etxean. “Baskoniako Historia bat” afaldu genuen ostegunean; Santana eta Abaitua irakasleek zuzendu, EITBk ekoitzi eta iazko Donostiako Zinemaldian aurkezturiko dokumentala. Hogeita hamar mila urte esan duzue? Zazpi mila? Gizajoak. 1.500 urtetxo besterik ez daramagu euskaldunok Pirinio hegoaldean. Beren tesi edo hipotesia azaldu ziguten: akitaniarrak ziren euskaldun bakarrak erromatarren garaian. Inperioa erori zenean, Bidasoa hegoaldea inbaditu zuten eta lau probintziak (gutxi gorabehera) euskaldundu zituzten. Barduliarrak, karistiarrak eta autrigoiak ez ziren euskaldunak; eta, entzun, Nafarroa aldeko baskoiak ere ez!; nahiz eta hau aho txikiarekin esan zuten, jakina baita zein suminkorrak diren nafarrak. Aipatu ere ez Umessahar jartzen duen Lergako hilarria, edo/eta herrialde bereko Itsacurrine, Lacubegi, Larrahe edo Selatse.

Erriberriko gazteluan izan zen azken predikua: honaino heldu ziren akitaniarrak. Bisigodoek ez zieten aurrera egiten utzi. Hemendik hegoaldera ez da sekula euskararik egin. Aipatu ere ez Errioxa-Soria aldeko hilarrietan agertu diren zortzi edo hamar euskal izenak: Sesenco, Agirsar, Lesuri…

Bizkaitik abiatu zen Santana. Lemoako Elorriaga auzoan galdekatu zuen Abaitua irakaslea, atal honen gidoilaria. Hilarriko Secundianus-ek zein hizkuntza egingo zuen galdetuta, zalantzarik ez: zelta, eta latina ere bai ziurrenik. Euskara, ezta pentsatu ere. Gero Santanaren ahotsa: «Mendi eta ibai inportanteenen izenak zeltikoak dira; Anboto Ambatus-etik dator, jainko zeltikoa...». Barkatu, Alberto, Ambatus zeltikoa izango da, baina ez da jainko izena, esklaboei eta libertoei ematen zieten pertsona izena baizik. Interneten konproba dezakezu. Ez ote arraroa mendi sakratu bati esklabo izena jartzea? Bestalde, zer esan nahi dute zeltaz Gorbea-k eta Oka-k? Argituko diguzu. Ez omen da euskararen arrastorik antzinateko epigrafian Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban. Ez dituzu ezagutzen nonbait Oiartzungo Belteson, edo Foruko Ivilia jainkoa edo Arabako Attia, Helasse, Illuna, Luntbelsar, Uvarna.

Dokumentalean agertu ziren adituetako inor ez zen euskalduntze berantiarraren alde mintzatu. Gorrochateguiren lanak irakurri dituenak badaki teoriaren aurka dagoela. Dokumentalean ez zen hain argi gelditu; mendebaldean, ebidentzien arabera, «euskara pixka bat» egingo omen zen. Arraro geratu zen esaldia. Larrea ere ez da teoriaren aldekoa, nahiko garbi utzi zuen. Eta Azkarate ere ez. Aldaieta ez da teoriaren aldeko zantzua; izatekotan, kontrakoa. Luze joko lukete xehetasunek. Baina niretzat gogorrena Mitxelena aldekotzat hartzea izan zen. Santanaren arabera, behin baino gehiagotan iradoki zuen barduliarrak eta abar ez zirela euskaldunak, eta pena Aldaieta bera hil zen urtean, 1987an, aurkitu izana. Alberto, berrikusi Mitxelenaren obra eta ikusiko duzu beti mintzatu zela teoria horren aurka: «… se puede sostener que várdulos y caristios, al menos en la parte norte del territorio, hablaban la misma lengua que los vascones septentrionales» (“Sobre la lengua vasca en Álava durante la Edad Media”. 1982). On Koldok burua jasoko balu… Nolanahi ere, narratzaileari sinestera, aipaturiko testigantzek indartu egiten dute beren hipotesia. Zaila da ulertzea nola utzi duten katedratiko hain gorenek beren iritziak manipulatzen.

Itzul gaitezen hasierara. Bat: akitaniarrek euskaldundu omen zuten hegoaldea VI. mendean. Galdera: euskaraz mintzatzen zen Akitanian, hots, Garonaren hegoaldean, garai horretan? Dakigunetik, Akitania gehiena erdaldundu zen erromatarren garaian. Egungo Ipar Euskal Herriak eta agian Bearnoko eta Bigorrako mendialdeak iraungo zuten euskaldun. Hau da, akitaniarren lautik hiruk edo gehiagok ez zuten euskaraz jakingo. Nola euskaldundu zezaketen ezer? Bi: barduliarrek, karistiarrek… hizkuntza zeltiko bat egiten zuten VI. mendean, euskaldundu aurretik. Hizkuntza zeltikoa garai horretan? Aditu guztiak ados daude latinak hizkuntza zeltikoak eta iberiera irentsita zituela hirugarren edo laugarren menderako.

Eta orain geure buruari egiten dizkiogun galdera arruntak: zer egin zuten inbaditzaile akitaniarrek hegoalde guztia di-da batean euskalduntzeko? Garbitu egin zituzten zelta guztiak? Garbiketa etnikoa? Hala balitz, nola ez dute horretaz hitz-erdi esaten Isidoro Sevillakoak, Gregorio Toursekoak eta beste autore garaikide batzuek? Nola ez da geratu arrastorik memoria kolektiboan edo mitologian?

Teoria honek baditu ia ehun urte. Gomez Morenok iberiera irakurtzea lortu zuen 1925 aldera eta orduan konturatu ziren euskararen bidez ez zutela ia ezer ulertzen. Ordura arte euskaldunak eta iberiarrak gauza bera zirenez, espainiarrik espainiarrenak ginen. Baina hori izateari utzi genionean hasi ziren ipuina idazten bera, Sanchez Albornoz eta beste batzuk. Eta moraleja garbia zen: hemendik aurrera ez duzue zilegitasunik izango mendebaldeaz, haren inbaditzaileak baitzarete, eta, nork daki, agian genozidak.

Nolanahi ere, dokumentalaren egileek diote herri honenganako amodio sakonak eraginda landu dutela teoria, amodio heldua, hori bai, ez infantila. Eta guk sinetsi egiten diegu, amodioak eta helikopteroko irudiek dena edertzen baitute, baita ipuinik txarrena ere.