Maider IANTZI

BCBL garunera sartzen da hizkuntzaren leihotik

BCBL zentroa bisitatu dugu munduko sistemarik konplexuenaz gehiago jakiteko. Kilo eta erdi pisatzen du soilik, bi belarrien artean daramagu egunero, baina misterio bat da oraindik. Horregatik da hain zirraragarria bere barrenera bidaiatzea, adibidez, hizkuntzaren leihotik.

Hizkuntza giza gaitasunik paregabeena da. Irakurtzea eta idaztea gure zibilizazioaren garapen kultural harrigarrienak dira eta, aldi berean, pertsona bakoitzaren bizitzako garapen mugarri garrantzitsuenak». Manuel Carreiras Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL) zentroko zuzendariaren hitzak dira. Hizkuntzak eta irakurketak barne hartzen dituzten prozesu kognitibo konplexuak argitzen saiatzen dira bertan, hizkuntza-desoreka eta irakurketa-ezintasunen kausa eta sendabideak ezagutzen, bereziki elebidunei begirako ikerketa eginez, teknikarik aurreratuenekin.

Donostiako Miramon parke teknologikoan, jauregi ikusgarri baten ondoan dagoen eraikin apala da… Apala kanpotik begiratuta, behin barruan konturatu baikara lau pisu ditugula behean. Azpialdean daude laborategiak eta goialdean, berriz, ikertzaileak. Hauek pentsatzen egoten dira bulegoetan. Asmatzen dituzten esperimentuak laguntzaileek gauzatzen dituzte laborategian eta bitartean eurek pentsatzen jarraitzen dute. Aitzineko ikerlanaz idazten dute edo hurrengoa irudikatu. Taldeka lan egiten dute.

BabyLAB

BabyLAB laborategian hasi dugu bisita. Bertako langileek kontatu digutenez, iaz 650 haur txiki inguru hartu zituzten. Hauek hizkuntzak nola barneratzen dituzten aztertzen dute eta «sinestezina» iruditzen zaie zenbat guraso boluntario etortzen den 3 eta 8 hilabete arteko beren umeekin. Oraintxe sartu da bikote bat neskatxo batekin eta momentu horretan langile guztiak egiten ari zirena utzi, eta berari begira gelditu dira. Atsegina da gela, jostailuz betea. Kablez betetako txapela buruan jarrita behatuko dute txikiaren burmuinaren aktibitatea.

Aztertzen duten bigarren kolektiboa Lehen Hezkuntzako haurrena da, 7 eta 12 urte artekoak. Ikastetxe pila batekin dute hitzarmena eta zentroetara joaten dira. Hurrengo kolektiboa helduena da, 18 urtetik 30era artekoak hartzen dituzte eta joan den urtean 7.000 saio egin zituzten eurekin. Boluntario etortzen dira eta diru pixka bat ordaintzen diete. Azkenik, adineko pertsonen garuna aztertzen dute, alzheimerra, zahartzaroko dementzia eta bertze arazoak ikertuz. «Umeei panpinaren bat edo zerbait ematen diegu, baina adinekoek ez dute behin ere oparirik nahi», komentatu dute langileek.

“MEG” jartzen du hurrengo gelaren atean: Magnetoentzefalografia Unitatea. Bertan erregistratzen da burmuineko aktibitate magnetikoa. Momentu honetan gizon bat prestatzen ari dira saioa hasteko. Erresonantzia Magnetikoaren Unitatea ikusi dugu ondoren. Teknologia honekin lan egiten du gero elkarrizketatuko dugun ikertzaileak, Kepa Paz-Alonsok, gidatzen duen taldeak, hizkuntza eta memoriaren kontrola aztertzen duenak. Jende dezente ikusi dugu sartu-atera. Herritar ugari etortzen da eta datu pila bat jasotzen dituzte.

Jakinarazi digutenez, badira sei ikertzaile zeinuen hizkuntzan ikertzen dutenak. Hurrengo proiektua parte-hartzaile gorrak hartzea izanen da. Hauek keinu bidez jabetzen dira hizkuntzaz, muskulu desberdinak mugitzen dituzte eta mugitzeko gaitasun desberdina dute. Harrera egiteko, langileak zeinu hizkuntza ikasten ari dira.

Laborategietatik bulegoetara igo gara ikertzaileekin elkartzeko. Lehena, Kepa Paz-Alonso. Bilbotarra da eta 2011tik ari da BCBLn lanean. Ikertzen dituen arloak hamaika dira. Adibidez, dislexia. Irakurtzen ikasteko zailtasunak izaten dituzte dislexia duten haurrek, nahiz eta hezkuntza ona jaso eta adimen egokia izan. Paz-Alonsok dioenez, teoria desberdinak daude arazo konplexu hau sortzen duten kausei buruz. Fonologia, ikusmen sistema eta entzumen arazoak agertzen dira arrazoien artean.

Dislebi dislexia elkartearekin batera ikerketa bat jarriko dute martxan. Hagitz motibatuta daude bertako kideak ikerlan hau eginen delako, dislexia eskola porrotarekin lotzen delako eta sarri ez delako behar bezala aintzat hartzen eta ezagutzen.

Elebitasunaren gakoak

Clara Martin frantsesa da, Lyongoa, baina primeran mintzatzen da gaztelaniaz. Hori bai, bere ama hizkuntzaren doinuarekin. Hain zuzen ere, horretaz egin dugu elkarrizketa, garunak hizkuntza bat eta bertzea prozesatzeko duen moduaz, elebitasuna baita bere ikerketaren ardatza.

Adibidez, jakina da gure jatorrizko hizkuntzan esaldi bat irakurtzean testuingurua erabiltzen dugula etorriko diren hitzei aurre hartzeko. Aldiz, bigarren hizkuntza ulertzea zailagoa zaigu eta baliabide kognitibo gehiago behar ditugu. «Bigarren hizkuntzan aurreikusteko gaitasuna eta paper aktiboa mantentzen dugun ikertu genuen. Erantzuna ez zen bai edo ez izan, tarteko zerbait baizik. Aktibo egoten gara, baina aurreikusi behar duguna ama hizkuntzan eginen genukeenaren antzekoa baldin bada soilik».

Bertze proiektu batean norberak bere ama hizkuntza atzerritar baten ahotik aditzean nola jasotzen duen aztertzen ari da Martinen taldea. Badirudi eragin handia duela, ahoskera desberdina dela-eta entzuleak hitzak ezagutzeko borrokatu behar duelako. Bestetik, ematen du gure garuna ulerkorragoa dela atzerritarrek gure ama hizkuntzan egiten dituzten akatsekin.

Burmuinaren aktibitateak elektrizitatea sortzen du eta hau elektrodoekin grabatzen dute. Esperimentuan parte hartzen duten helduek esaldi zuzenak eta okerrak aditzen dituzte, batzuk atzerritarren ahotik, bertzeak bertakoenetik, eta garunaren erantzuna identifikatzen dute.

Badute bertze proiektu handi bat umeekin, irakurtzen ikasteak garuna eta hizkuntzaren tratamendua nola aldatzen dituen jakiteko. Irakurtzen ez dakien haurrari hitz pila bat entzunarazten dizkiote, eta leitzen ikasi ondotik hitz berak jartzen dizkiote. Ikusi dutenez, garunaren aktibitatea desberdina da, leitzen ikasteak entzuteko modua aldatzen duelako. Euskara eta gaztelania gardenak dira, letra bakoitzak soinu bat baitu. Hauetan irakurketa errazagoa da. Frantsesa eta ingelesa, berriz, opakuak dira, letra bera desberdin ahoska daiteke eta soinu bera desberdin idatzi. Ipar eta Hego Euskal Herriko haur euskaldunek aukera ezin hobea ematen diete bi hizkuntza moten arteko aldeak deskubritzeko, batzuek frantsesez egiten dutelako eta bertzeek gaztelaniaz. Zer da hobea, euskaraz eta frantsesez leitzen batera ikastea ala lehenbizi gardena eta gero opakua? Oraindik ez dakite.

 

Informazioa errekuperatzea errepikatzea baino eraginkorragoa da

Kepa Paz-Alonso ikertzailearen lan ildoetako bat da memoria. Azaldu duenez, duela sei-zazpi urte deskubritu zuten memoria errekuperatzearen efektua. Alegia, informazioa berreskuratzen saiatzea errepikatuz eta errepikatuz buruz ikasten saiatzea baino eraginkorragoa dela konturatu ziren. Horregatik, oroitu nahi duguna zenbat eta gehiagotan errekuperatu, hobeki da. Aste baten barrenean bi aldiz gehiago gogoratzen omen dugu teknika honekin.

Demagun zerrenda bat memorian gorde nahi dugula. BCBLko zientzialariek egiaztatu dutenez, hagitz eragingarria izanen da orria irakurri eta gero begiratu gabe oroitzen ahalegintzea, behin eta berriz. Zenbat eta maizago, errazago iltzatuko zaigu informazioa buruan.

«Estrategia mota hau oso lagungarria da hezkuntzarako, baita memoria urritasuna duten lagunekin egiten diren entrenamendu programetarako ere», agertu du bilbotarrak.

Swahilizko hitz batzuk irakatsi zizkieten esperimentu batean parte-hartzaileei. Bi metodoak erabiliz ikasi zituzten, errepikatuz eta berreskuratuz, eta frogatu zuten bigarren teknikarekin aunitzez guttiago ahanzten zituztela hitzak.

8 eta 17 urte arteko haur eta gaztetxoekin egiten dituzte ikerketak ikastetxeetan, eta helduekin ere bai erresonantzia magnetikoa erabiliz. Efektu hau ikusten lehenak dira, baina oraindik ez dakite zeintzuk diren berau aktibatzen duten burmuineko mekanismoak.

8 eta 12 urte artean memoria izugarri hobetzen dela ere frogatu dute, baina ez dakite zergatik.M.I.