Hiru urre eta brontze bat euskal selekzioarentzatnazioarteko lehia batean
Hilaren 19 eta 20an, Torino European Climbing Challenge proban Andoni Espartak, Mikel Linazisorok eta Muriel Ruiz de Larramendik garaipena lortu zuten. Bittor Espartak, berriz, hirugarren postua sinatu zuen.
Euskal Mendizale Federazioaren euskal selekzioak aukera ederra izan du Espainiako Estatutik kanpo lehiatzeko. Italian izan da; hain zuzen ere, Torino European Climbing Challenge proban. Hilaren 19 eta 20an izan da, eta euskal selekzioaren aldetik Andoni Esparta, Mikel Linazisoro, Bittor Esparta eta Muriel Ruiz de Larramendi lehiatu dira. Erdietsitako emaitzak, berriz, bikainak baino bikainagoak: hiru urre eta brontze bat.
Euskal selekzioak lehen aldia zuen izaera horretako nazioarteko proba batean. Irakurleak ziur aski jakingo duenez, euskal selezkioak oraindik ez du aukerarik IFSCren (International Federation of Sport Climbing) hitzordu ofizialetan parte hartzeko. Alabaina, jokatu berri den Italiako proba horrek IFSCren babesa du.
Hitz gutxitan esateko, lehia horretan estaturik gabeko hainbat nazioko eta eskualdetakolehiakideek hartu dute parte. Eta han ziren, besteak beste, euskal selekzioa eta Kataluniakoa.
Euskal selekzioko hautatzaile Josean Mulasek GARAri adierazi dio IFSCren gonbidapena jaso zutela: «EMFk baiezko erantzuna eman zuen, eta EKFBk (Euskal Kirol Federazioen Batasuna) lagunduta, Turinera joateko aukera izan dugu. Nahiz eta IFSCren proba ofizial bat ez izan, bere presidente Marco Maria Scolaris han izan zen, babesa ematen. Eta hori oso garrantzitsua da».
Bikain
Turineko lehia horrek, guztira, 70 lehiakide jaso zituen. Bi egun aurretik, eta egun bakoitzeko 9 bide eskalatzeko. Mulasek dio indarrean jarri zen formatua oso erakargarria izan dela: «Flash eran, bide bakoitzeko hiru saio eta zazpi minutu zituzten. Eta hori guztia sinatu ahal izateko, lau ordu: arratsaldeko hiruretatik zazpietara arte. Leher eginda bukatzen zuten; eskerrak selekzioko fisioterapeuta Andoni Ormazabalek bide bakoitzetik jaisten zirenean masajeak ematen zizkien!».
Emaitzei dagokienez, berriz, aipatu dugun bezala bikainak izan dira. Hiru urre izan dira: Andoni Esparta (12 urtez azpikoan), Linazisoro (14 urtez azpikoan) eta Ruiz de Larramendi (20 urtez azpikoan). 18 urtez azpikoan, Bittor Espartak brontzea eskuratu zuen.
Erdietsitako emaitzei buruz zein Turinen bizi izan duten esperientziari buruz, Mulas pozarren zegoen: «Alde guztietatik begiratuta, antolatzaileak oso abegitsuak izan dira. Gainera, geure ordezkariak oso maila onean lehiatu dira».