Josebe EGIA
ZIRIKAZAN

Betiko arinkeria

Irakurtzen ari naiz azkenaldian, hedabideen gehigarrietan edo emakumeontzako ataletan, ez ezazue pentsa, feminismoaren laugarren olatua bizitzen ari garela. Modan dagoela, lurralde-mugarik eta adin jakinik gabe. Izenak, ordea, baditu, eta lanbidea ere bai: artista.

Feminismo esnatu berri horren adierazgarriak datoz ondoren. Bata bestearen atzean irakurrita, sentsazioa ematen du baietz, zer edo zer piztu dela emakumeongan eta kokoteraino jarri garela diskriminazio garbi eta onartezina jasateaz. On sentiarazten du jakiteak jada ez garela emakume lurtar arruntak baino ez, izarrak ere beren erosotasun distiratsutik jaitsi eta, gurekin elkar hartuta, gerra eman nahi dutela. Gainera, badute abantaila garbia gure aldean, ospeak berekin dakarren bozgorailu mediatikoa, hain zuzen ere.

Egun, lehen ez bezala, feminismo harroaren olatuaren zurrunbiloarekin bat eginda, gure eskubideak defendatzeko erabiltzeko prest daude. Geuretzat mesede. Berriki egin du Jennifer Lawrence aktoreak gutun bat argitaratuz, Hollywoodeko soldata-arraila salatu eta ekoizleei gizonezko lankideei ordaintzen dieten kopuru bera ordaintzeko eskatzearekin batera, hausnarketa interesgarria egiteko bere buruaren –eta oro har emakumeon– jarrera eta jokabidearen, betiere epelagoaren, gainean. Berriki egin du, era berean, Inma Cuesta aktoreak egunkari batek egin zizkion argazkiak argitaratuz, Photoshopa aplikatu aurrekoa eta ostekoa, bere benetako itxura ez dezaten faltsutu eskatzeko, ziurtasun osoz ez dela ez beraren ez inoren mesederako. Eta abar, eta abar.

Emakume, eder eta, zer lanbide duten aintzat hartuta, ausart baino ausartago gisa aurkezten dituzte, feministaren irudi txarra desagerrarazten laguntzearren-edo; horra hor amua, unean uneko bitartekoaren ale gehiago saldu edo hedatzeko. Izan ere, horixe baitago modan komunikabideetan: modako emakumeen alde feminista nabarmentzea, emakumezko kontsumitzailearen arreta eureganatzeko. Ea noiz arte. Feminismoari eta beraren muinari, helburuei, zintzotasun eta seriotasunez erreparatu nahiko balitzaio, baliete, izar gutxiago eta sustrai gehiago ikusiko genituzke hedabideetan; lekua, leku handiagoa, izango lukete egunero beren behar xume edota latzagoetan ere borrokan dabiltzan emakumeek; ahalegina egingo litzateke eginbehar hori, berdintasunaren helmuga, gizonezkoei ere helarazten. Azalkeriatik urrun.