Euskal selekzioko gaztetxoenek bikain jardun dute
Hilak 10ean, Bartzelonan, Eskaladako Espainiako Txapelketa jokatu da. Muriel Ruiz de Larramendikurrea lortu du, Andoni eta Bittor Esparta anaiek zilar bana, eta Irati Musituk brontzea.
Euskal Mendizale Federazioaren euskal selekzioko ordezkari gaztetxoenek hitzordu oso garrantzitsua izan berri dute. Pasa den hilak 10ean, Bartzelonan, Eskaladako Espainiako Txapelketa jokatu da; jakina, jubenilen mailan. Hots, hiru kategoria izan dira: 16, 18 eta 20 urtez azpikoak.
Beste behin, Josean Mulasek zuzentzen duen taldeak emaitza azpimarragarriak lortu ditu, batez ere kontuan hartzen badugu FEDMEren lehia nagusi horretara makina bat gazte bertaratzen direla. Eta hori guztia gutxi izango balitz, lehiakide askoren maila eta kalitatea handia da oso. Emaitzei dagokienez, aurreratu behar dugu euskal ordezkariek urre bat, bi zilar eta brontze bat eskuratu dituztela. Protagonistak honakoak izan dira: Andoni eta Bittor Esparta anaiak, Muriel Ruiz de Larramendi eta Irati Musitu. Horrez gain, hainbat eta hainbat euskal lehiakide sartu ziren finaletan.
Espainiako Txapelketatik azpimarratzeko dugun lehen eitea parte hartzearena izan da. Izan ere, 92 lehiakide bertaratu ziren guztira. Bestea, jakina, zenbait gaztetxoren kalitatea. Eta hirugarrena, ekipatzaileen lana. Proposamen interesgarriak jarri zizkieten: erresistentziakoak, teknikoak...
Emaitza ederrak
Txapelketaren kronika 16 urtez azpikoen lanarekin hasiko dugu. Nesketan ez zen euskal ordezkaririk egon; bai, ordea, mutilen artean. Maila horretako “erregeak”, hots, Mikel Linazisoro euskal herritarrak ezin zuen parte hartu. Gogora dezagun bergararra egungo Europako Kopako zein Txapelketako irabazlea dela, baita Munduko Txapelketako seigarrena ere.
Nahiz eta hutsune handi hori egon, Andoni Espartak argi erakutsi zuen maila bikaina duela. Bilbotarrak bigarren postua erdietsi zuen. Eneko Carreterok, berriz, oso gutxigatik ezin izan zuen podiumean sartu; laugarren sailkatu zen.
18 urtez azpikoen mailan, bestalde, Muriel Ruiz de Larramendik erakutsi du (aurten, bederen) kategoria horretan nagusi dela; finaleko bidea kateatzen lehiakide bakarra izan zen. Amaiur Almeidak zortzigarren postua eskuratu zuen. Mutiletan, Bittor Esparta bigarrena izan zen, Martin Urrutia bosgarrena eta Iker Cilveti seigarrena.
Eta 20 urtez azpikoetan, Irati Musituk brontzea eskuratu zuen. Gorka Ruiz zazpigarren postuan sailkatu zen. Bartzelonako bidaia Margalefen eskalatzeko ere baliatu zuten. Bittor Esparta, adibidez, 8a+ bistan eta 8b+ landuta itzuli zen.