Alizia bizirik
Shakespeare eta “Harry Potter”-ekin batera munduko kontakizun ezagunena dugu “Alizia herrialde miresgarrian”. Munduaren patrimonio bihurtu dira dagoeneko «Moztu diezaietela burua!» bezalako mehatxuak.
Esaldi hori agertzen duen liburuak aurten 150 urte betetzen ditu, eta, Pamiela argitaletxeari esker, Manu Lopez Gaseni edizioren arduradun nagusia izanik, aukera dugu berriz ere euskara ederrean irakurtzeko. 1989. urtean kaleratu zen argitalpena egokitu, eguneratu eta hobetu egin du irakurlearenganako begirune handia agertu eta gure sistema literarioan gutxitan ikusten den lana hartuz. Izan ere, liburuan irakur daitezkeen errimak, poemak, hitz-jolasak euskarara ekartzeko ahalegin berezia egin du. Obra hau irakurriz, itzultzailea sortzaile ere badela bete-betean antzeman daiteke.
Neskatila bihurria dugu Alizia, umore eta ironia franko erabiltzen dituena. Jokoa eta absurdoa da nagusi obra guztian, horrela dio Lewis Carrollen esaldiak liburuaren kontrazalean, liburuak ez darama irakaspenik, ezertxo ere ez du irakasten. Abentura liburua da, beraz, funtzio didaktikoa izateko arriskurik ez daukana.
Umorearen kontzepzio berezia planteatzen du Carroll-ek “Alizia” liburuan, umore linguistikoa deitu izan zaio, hitz-jokoak, errima eta soinu bereziak, hitzen distortsio eta esanahi bikoitz ugariak, hitzen zuzentasun- eta zorroztasun-jokoak.
Liburuak agerian uzten ditu irakurlearen konpetentzia literario batzuk; izan kontuan orain dela 150 urte baino gehiago sortua dela. Egun, obra kanonikotzat hartzen da, eta irakurlearen formazio literarioa jasotzeko orduan, ezinbestekoa. Obra kanonikoen zailtasunak saihesteko bitartekariak behar dira, horregatik helduok saiatu beharra dugu haur irakurleari kontakizunaren ulermen bideak errazten. Jatorriz ahoz kontatzeko sortu zen liburua, ozen irakurria izateko. Haur txiki-txikiei ahoz kontatzen ohituta gaude, baina, adinean joan aurrera, bitartekariok liburua eman eta bakarrik uzten dugu irakurlea.
Testuarekin batera ezin dira ahaztu Tenniel-en grabatu paregabeak, liburuari osotasuna ematen diotenak. Carroll-ek berak ulertu zuen irudiek zer garrantzi duten, liburuaren lehenengo paragrafoan horrelaxe agertzen baita: Zertarako balio du liburu batek irudi eta elkarrizketarik ez badauka?
Haurrentzako literatura esparruan “Alizia” berritzailea izan zen, garai hartan umeentzako liburuak moral estu bati lotuta zeuden, maitagarrien ipuinak ere gaizki ikusita zeuden. Hori guztia apurtzera etorri zen “Alizia”. Helduen mundu kodifikatuaren aurka azaltzen da, ez dauka garbi handitu nahi duen ala txiki izateari eutsi nahi dion, haur guztien barruan bizi den kontraesana islatzen du, liburuaren kontrazalean jasotzen den moduan. Batzuetan normaltasunera itzuli nahi du, besteetan gustura dago aldrebeskeria horien guztien erdian.
Dagoeneko “Alizia” ez da gazte-gaztea, baina bizi-bizi eta osasuntsu dago. Zorionak berari eta baita guri ere horrelako edizio zoragarria daukagulako!