J.L.
sokatira

Beti Gaztek eta Ibarrak eraman dituzte azkeneko bi txapelak

Ibarrak eta Beti Gaztek irabazi dituzte Euskal Herriko Lauko Txapelketako azkeneko bi txapelak. Nafarrek mutiletan bereganatu zuten txapela, eta, gipuzkoarrek, nesketan.

Mutilak 300 kilokoan lehiatu ziren, eta Beti Gaztek eraman zuen txapela. Eta maila ikaragarria emanez lortu zuen gainera garaipena. Jokatutako tiraldi guztiak irabazi egin zituen, eta amaieran merezimendu osoz lortu zuen irabaztea. Bigarren postuan Ibarra B taldea sailkatu zen. Etxean aritu ziren moreak, baina ezin izan zuten helburua bete, eta bigarren postuarekin konformatu beharra izan zuten. Sokarri A taldeak osatu zuen podiuma, hirugarren postuarekin. Lehen bi sailkatuekin galdu egin zituen tiraldiak, eta gainerako talde guztiak hartu zituen mendean.

Hauen atzetik, Ñapurrak A, Amaiur eta Ñapurrak B sailkatu ziren. Ezpeletakoek bakarrik sartu zituzten bi talde finalean, baina bietako inork ezin izan zuen aurreneko hiru taldeen artean sartu.

Ezusterik ez nesketan

Nesken mailan ia dena erabakita zegoen, eta ez zen azkeneko jardunaldian inongo ezusterik izan. Aurreneko bi saioetako emaitza berak izan ziren. Ibarrak lortu zuen garaipena beste hiru taldeak mendean hartuta. Txapela ez lortzeko azkena geratu beharra zeukan, baina garbi ikusi zen hasieratik zein zen nagusi.

Badaiotzek lortu zuen bigarren postua. Txapeldunekin galdu egin zuen tiraldia, baina beste bietan nagusi izan zen. Txantreak lortu zuen hirugarren postua Bizindar taldeari bakarrik irabazita, eta azken horiek itxi zuten eguneko sailkapena. Sailkapen nagusian ere postuak azken eguneko berdinak izan ziren.