Arriaren eta Larretxearen artekorako ikusmina handitzen ari da
Arria V.ak eta Donato Larretxeak bihar eguerdian, 12.00etatik aurrera, Tolosako zezen-plazan jokatuko duten apustua ikusteko ikusmina areagotzen ari da, baita apustuak egiteko grina ere.
Gipuzkoarrak eta nafarrak 20na kana-erdiko ebaki beharko dituzte, eta plazara erdi bana eraman beharko dituzte. Alde bakoitzak 12.000 euro jokatuko ditu. Arriak esan du enbor zailak eramango dituela, ez markak egiteko modukoak. Larretxeak, aldiz, normalak eraman nahi dituela iragarri du.
Diruak, berriz, oraindik Arriaren aldeko joera du, 100-80, baina adituen ustez bihar eguerdirako berdinean jokatuko omen dute askok. Errezildarra sasoian iristen da, aurten Euskal Herriko Hirugarren Mailako eta Gipuzkoako Bigarren Mailako txapelak irabazita. Donatok, aldiz, orain sei urte egin zuen bere azkeneko apustua, eta zalantza gehiago sortzen ditu, baina denek garbi dute apustu hau onartu badu, lan ona egingo duelako dela. Jendea gogoz dago, saio polita ikusi nahi du eta hori espero du. Bi aizkolariak euren gustuko lanean arituko dira.