Eskerrik asko, zuen elkartasun uholdeagatik
Duela lau urte pasatxo Mugitu Mugimenduak AHTren aurkako ekintza batean orduko Nafar gobernuburu Yolanda Barcina “tartakatu” zuen. Horren ondorioz, Auzitegi Nazionalak hiru “tartalariei” bi urteko kartzela zigorra ezarri zien, beste urtebete ekintzako parte hartzaile bati, eta 3.000 euroko isuna laurei.
Hori guztia gutxi ez, eta tartalari batek aurrekari penalak zituenez, kartzela saihesteko 14.400 euroko isuna ordainarazi zioten. Joan den uztailean azken berri hau prentsaurreko batean zabaldu genuen, zeinaren ondorioz beste 100 euroko bi isun jaso genituen, «Mozal legea» ezarrita, agerraldi hori kalean egiteagatik. Prentsaurreko hartan Mugituren kontu korronte zenbakia kaleratu genuen eta jendarteari gonbita egin genion ordainketan laguntzeko.
Erantzuna berehalakoa izan zen: Norbanako eta lagun taldeen diru sartzeak –baita Euskal herritik kanpokoak ere– eta dirua lortzeko herri mugimenduko hamaika ekimen –herrietako festetako txosnak, itsulapikoak, bonoen salmenta, talo eta tarta dastaketak, kontzertuak, herri bazkari-afariak eta beste.
Elkartasun uholdea ikaragarria izan da, bi hilabeteren buruan 14.400 euroko isuna ordaintzerainokoa. Handik aurrera elkartasun jarioak ez du etenik izan eta diru gehiago ere eskuratu dugu. Berau beste isunei aurre egiteko baliatuko dugu. Izan ere, Iruñean tartalarien aldeko ekintza baten ondorioz, beste 14.000 euro baino gehiago pilatzen duten 33 isun jaso genituen.
Idazki honen bidez sostengu ordainezin hau bihotz-bihotzez eskertzeaz gain, zuen eskuzabaltasunak AHTren aurkako borrokan segitzera animatzen gaituela esan nahi dizuegu.
Segi AHTri desobeditzen.