Josebe EGIA
ZIRIKAZAN

Begiluzeak: higuin-ikara

Ezin hobeto uler ditzaket Batz enpresa bizkaitarreko emakumezko langileak, eta aurretik Fadurako aldagelen erabiltzaile femeninoak zein Lagun Onak futbol-taldeko neskatoak. Haien larruan fisikoki egon ez arren, higuin-ikara gainetik kendu ezinik nabil. Nerabezaroan, nire obsesio nagusietakoa zen etxean bakarrik nengoenean gurasoek ikusiko ote ninduten, nire buruarekin harremanetan… ni «zaintzeko», nolabaiteko begi gehigarriren bat ezkutaturik edukiko ote zuten. Pentsatze hutsak egundoko lotsaldia eragiten zidan, eta kirioak dan-tzan jartzen zizkidan inork nik jakin gabe nire pribatutasuna bortxatzeko aukera egon bazegoela. Oraindik jartzen dizkit.

Higuina ez da zehazki hara eta hona barruko arropatan edo biluzik ikusi zaituztelako; higuina eta ezinegona dira zure eta zure kideen elkarrizketak, jokabideak edota bakarkako uneak, intimitatea, film labur kaskarra (zenbat halako?) bihurtu dituelako morroi frustratu erreprimituren batek, isilpean eta koldar, voyeur gaiztoenaren lizunkeriaz, beraren buruaren batek daki zer-nolako asebetetzea lor-tzeko. Emakumeok, guztiok, karnata sentitzen gara bizitzan behin baino gehiagotan, halaxe so egiten, behatzen eta tratatzen gaituztelako zenbait gizonek; ia ezinezkoa da horietako batekin sekula topo ez egitea. Gu merkantzia hazten gaitu jendarteak, haiek merkatari, eta begiluze. Horiek, gainera, ziur daude gustatu egiten zaigula, erakargarriagoak eta ederragoak, emakume katxarroagoak-edo, sentiarazten gaituztela; horiek duintasunaz eta errespetuaz ez dakite ezer.

Halako hiru begiluzeegiren berri izan dugu bi hilean baino gutxiagoan, kamerazaleak bi eta pareta-zulatzailea bestea. Kopurua ez da Euskal Herri osoan paranoia zabaltzeko modukoa, baina ziur naiz aldagela andanan emakumeak erne baino erneago dabiltzala, ez dugunez gero gustuko inor guk nahi ez duguna ikusten ibiltzea, eta badaezpada. Kezkagarria bada, ordea, kasuok ideiak ematea begiluze amorratuei, hots, irudikatze hutsetik ekintzara bultzatzea. Izan ere, irakurri berri dudana egia izanez gero, erailketa matxista bat gerta-tzeko probabilitatea 24 aldiz handiagoa da aurreko hamar egunetan hedabideetan genero-indarkeriaren gaineko berriak agertu badira (doktorego-tesi batek ondorioztatu duenez), eta kasuok genero-indarkeriatzat jotzen ditut, litekeena da perbertitu zenbaitek erabakitzea teknologia berriei, edo zaharrei, hautsa kendu behar dietela. Higuin-ikara datorkit berriz.