Gertaera txikietan erreparatzen ez denean
Bizitza momentutan neurtzen denean’’ lerroburua jarri zion Joseba Vivanco lankideak asteleheneko kronikari. Ez zen ez edonolako kontakizuna, igandean Athleticek eta Eibarrek jokatutako partida baizik! Ene aburuz, futbol-arloan aurreikusitakoarekin apurtzen du eta hasieran harridura sorrarazi zidan esaldiak hondarra utzi zuen nire baitan eta gutxira egunotan bueltaka dudan ideia iheskor batekin bat egitea lortu zuen.
Bizitza momentuz osaturiko ibilbidea dela badakigu denok, une handi eta txikiek elkarrekin marrazten duten bidea, alegia. Baina nire ustez handien zain eman ohi dugu denbora luze, bideak eskaintzen dizkigun opari txikietan apenas erreparatu barik. Zenbat pasarte, detaile eta keinu pasatzen utzi ditugu presaz genbiltzalako?
Sukaldeko kontakizun haiek, eguzkitan ginela joan berri den auzokide edota lagunarekin konpartitutako egunerokotasunak, elkartasuna, inuzentekeriak... bizirik gauden seinale diren istorio txikiak; norberaren puzzlea osatzen dutenak eta garenaren zertzeladak ematen dutenak direla uste dut.
Ditugulako, hutsalak dirudite, baina ez daudenean, gutxienez, lurrikara txiki antzerako zeozerk astintzen digu barrua. Bizitza eraberritzen ari da nire inguruan eta gauza txikien balioa azaleratu da indartsu. Oparitzat hartu beharrean askotan antojagarritzat hartzen ditugun kontutxoez disfrutatzen berrikasi behar dugula uste dut, gauzak une batetik bestera aldatzen direlako askotan. Badakit esandakoa begi bistakoa dela, baina, agian, horregatik ahaztu egiten zaigu funtsezkoa non den.