1936KO AZKEN GUDARIAK, ARGAZKIETAN BETIKOTUTA
Txilekoa da Mauro Saravia eta Txilen hasi zen aditzen 1936ko gerrako kontuak. Birraitona bat nafarra zuen, bestea katalana, eta haiek ondo zekiten zer izan zen gerra. Argazkilari profesionala zen han, eta lanbide horri jarraitu dio hemen, baina azkenaldi honetan egitasmo zehatz bati eskaini dio ahalegin handiena: bizirik geratzen diren 1936ko gudari eta milizianoen erretratu bilduma osatzeari. Hogeita zazpi hartu ditu bere kamerarekin, «Azken batailoia» du izenburua.
Atzerrira ihes egin behar izan zuten gudariek ez zuten gerrari buruz hitz egiteko gogo handirik izaten. Bizimodu berria hastea zen haien helburu nagusia, baina ezin ahaztu Euskal Herrian bizi eta jasandakoak. Zerbait iristen zen Mauro mutikoaren belarrietara, jakin-min itzela sortzeko adina, baina kontakizun osoa eta ulergarria osatzea ez zuen lortzen, nahiz eta Txileko artxiboetan eta liburutegietan arakatu.
Argazkilari baten ohiko bizimoduarekin jarraitu zuen Maurok, baina bere emaztea Gotzone, Zeberioko bizkaitarra, duela urte bi haurdun geratu zenean, Euskal Herrira etortzea erabaki zuten, alaba –Enara– hemen jaio zedin. Ordudanik hemen bizi da familia, Bilbon, eta Euskal Herrian egonda bere jakin-mina asetzea askoz errazagoa gertatu zaio Maurori. Kazetariekin, historiagileekin… denekin izan du harremana, eta hartu-eman hori dela medio zera ikusi zuen: inork ez zituela azken gudariak eta milizianoak, bizirik geratzen diren gutxi horiek, argazkietan hartu, agure horien memoria grafikoa jaso. Eta Maurok berak ekin zion lan horri.
Bazekin bizkor ibili beharra zeukala. Oso adinekoak izan behar zuten bizirik geratzen ziren gudariek, 1936an gerran arituak izateko. Ezagutu zuen lehenengo gudaria Luis Etxebarria izan zen, Zeberiokoa, eta hari egin zizkion aurreneko argazkiak. Maurok galdetegi bat prestatua zuen, gudari eta miliziano bakoitzaren nondik norakok jakin ahal izateko –zein batailoitakoa izan zen, non aritu zen borrokan…– eta hala lanaren alderdi grafikoa osatzeko. Argazki guztiak kamera analogikoarekin eta digitalarekin atera ditu, eta horretaz gain bideo labur batzuk ere grabatzen joan da Euskal Herrian barrena egindako joan-etorrietan.
Testigantzak bideoetan
Luisek bigarren soldaduaren berri eman zion. Laguna zuen eta bazekien zahar-etxe batean zegoela. Beharrezko baimenak lortu eta harengana jo zuen Maurok. Bigarren erretratua ere, eginda beraz.
Poliki-poliki, zabaltzen joan zen Mauroren egitasmoaren oihartzuna, eta handik eta hemendik iritsi egiten zitzaizkion kontaktu berriak. Esate baterako, euskara ikasten ari zen euskaltegiko ikaskide batek eman zion Jose Moreno gudariaren berri. Intxorta 1937 elkartearekin ere egin zuen topo, eta elkarlanean aritu dira ondoren, elkarri informazioa emanez eta kontaktuak erraztuz.
Etenik gabe, kamera hartu eta batera eta bestera ibili da joandako bi urteotan txiletarra. Argazkilari profesionala izaki, oso exigentea da argiztapenarekin, esaterako, baina konturatu da egitasmo hau burutuko bazuen era periodistikoagoan lan egin beharko zuela; askotan argi eskasarekin, toki estuetan eta baldintza zailetan aritu behar izan du, baina emaitza ikusita garbi dago oztopo horiek gainditzen jakin izan duela. Hiru mila kilometro egingo zituela autoz kalkulatzen du. Hala betikotu ditu Manolo Sagastibeltza, Antonio Izagirre, Regino Biain, Gerardo Bujanda, Iñaki Errekabide, Luis Ortiz, Marcelo Usabiaga… hogeita zazpira arte. Erretratatuetako sei ez daude dagoeneko gure artean, baina betikotuta geratu dira Maurori esker.
Erakusketa martxoaren 2tik aurrera
Egindako lanaren emaitza hemendik aurrera egongo da ikusgai Euskal Herrian. Erakusketaren inaugurazioa martxoaren 2an egingo da, Bizkaiko Batzar Nagusien erakusketa aretoan, Bilboko Hurtado de Amezaga kalean. Ondoren Elgetan izango da, apirilean, Intxorta 1937 elkarteak urtero herri horretan prestatzen duen ekitaldian. Bi erakunde hauek, Bizkaiko Batzar Nagusiek eta Intxorta 1937k, lagundu dute diruz argazkilariaren egitasmoa. Txilera ere bidaiatu dezake etorkizunean erakusketak. Ibilbide luzea aurreikusi dakioke “Azken batailoia”-ri, hala behar luke behintzat, kamerari duintasun apartarekin begiratzen dioten gizon hauen ohorez. Batzuek ezker eskuarekin diosala militarra egin dute, beste batzuek ikurrindun txapela jantzi dute, beste batzuek begirada baizik ez dute eskaini, baina denek ere asko ikusi eta asko sufritu dutenen duintasuna dute amankomunean
Esan bezala, 27 erretratuez gain, gudarion testigantzak jasotzen dituen bideoa ere ikusgai eta entzungai egongo da aretoan. Zirrara berezia eragin dion lekukotasunik izan al den galdetuta, «asko!» erantzun du Maurok. Bat aipatzekotan, lan behartuko batailoi batean zigorra betetzen ari zen gudariarena datorkio gogora: «Goseak akabatzen zeuzkaten. Lanaren ordainean, gosea. Herri bereko sarjentu bat zeukan zaintzaile gudari honek, umetatik ezagutzen zuena, eta laguntza eske joan zitzaion. Errukituta, sarjentuak sukaldeko lanetara bidali zuen. Bada, zeukan gosearekin, irin zaku batean sartu burua eta gordin-gordinik jan omen zuen irina presoak, irentsi».
Emakumeen errealitatea jasotzen
Gudari eta milizianoen peskizan zebilela, beste errealitate batekin egin du topo Maurok, emakumeek ere latz sufritu zutela gerran eta ondorengo errepresioan, alegia. Jakina da emakumeek asko lagundu zietela fronteetan borrokan ari ziren soldaduei, eta oso garesti ordainarazi zietela frankistek. Ilea moztea, lanik gabe uztea, baita hilketak ere, ugariak izan ziren gerra garaian eta ondorengo urte beltzetan. “Azken batailoia” egitasmoa bukatuta, emakume horien errealitatea jasotzen ari da orain Mauro Saravia.
Honekin lotuta, aipatu beharrekoa da datorren apirilaren 24an omenaldia eskainiko zaiela Elgetan erresistentzian aritu ziren emakumeei eta errepresaliatuak izan zirenei. Ekitaldi hori ere hartuko du, dudarik gabe, Maurok bere kamerarekin.