Andoni ARABAOLAZA
MENDIKO ESKIA

Aurtengo Pierra Mentakez du ia emoziorik izan

31. ekitaldia martxoaren 9tik 12ra jokatu zen. Axelle Molleret-Laetitia Roux nesketan eta Matheo Jacquemoud-Kilian Jornet mutiletan irabazle garbiak izan dira. Junior mailan, berriz, Iñigo Martinez de Albornoz, Come Deruaz frantziarrekin, bigarren sailkatu da.

Pierra Mentaren 31. ekitaldia jokatu zen hilaren 9tik 12ra Areches Beaufort eskualdean. Ziur aski sona handiena duen eski alpinismoko lasterketa hau Distantzia Luzeko Munduko Kopako zein Grande Course zirkuituko proba zen. Ohi den bezala, lau etapa jokatu ziren, denak asko eskatzen dutenak; izan ere, parte hartu zuten 600 eskiatzaileek (300 bikotek) 10.000 metroko goranzko desnibel metatuari zein ibilbide teknikoei egin zieten aurre.

Lehiari dagokionez, aipatu behar dugu aurtengo edizioak ez duela ia kolorerik izan; bederen, garaipen postuei dagokienez. Nesketan, Axelle Mollaret eta Laetitia Roux frantziarrek aise, oso aise, irabazi dute. Mutiletan, berriz, Matheo Jacquemoud frantziarrak eta Kilian Jornet katalanak ez dute arazorik izan sailkapen nagusian gailentzeko. Azpimarratzeko modukoa da neska frantziarrek etapa guztiak irabazi zituztela. Frantziar eta katalanak osatutako bikoteak, aldiz, lautik hiru. Azken lehian, oso gutxigatik, bigarren postuan sailkatu ziren.

Argi geratzen ari da, beraz, bi bikote horiek direla distantzia luzeko lasterketetan sasoikoenak. Pasa den otsailean jokatutako Altitoy-Ternuan ere beraiek irabazi zuten. Munduko Kopari dagokionez, bederen, lasai asko esan genezake lan erdiak eginak dituztela; izan ere, antolatu diren lau hitzorduetatik bi irabazi dituzte.

Oro har esan daiteke aurtengo Pierra Mentak zorte handia izan duela. Eta hori diogu jokatutako lau etapetan eguraldia lagun izan dutelako. Eguzkia, elur asko, baldintza egokiak, milaka ikusle... zer gehiago eskatu daiteke?

Nesken mailan, hemeretzi taldetik hamazazpik erdietsi zuten lasterketa bukatzea. Hasiera-hasieratik, Mollaretek eta Rouxek argi utzi zuten ezustekoei lekurik uzteko gogorik ez zutela. Sailkapen nagusian bigarren sailkatuei, Mireia Miro eta Claudia Galiciari, 48 minutuko aldea atera diete. Hirugarrenak Martina Valmassoi eta Katia Tomatis italiarrak izan dira. Nesketan ez da euskal ordezkaririk izan.

Mutiletan, bestalde, 173 taldek lau etapak amaitzea erdietsi zuten. Jacquemoud eta Jornet ez ziren batere larri ibili. Nahiz eta alde handirik ez lortu, lehen hiru etapak irabazi zituzten. Laugarren eta azkenekoan, berriz, bigarren postua lortu zuten. Lehenak Xavier Gachet eta Wiliam Bon Mardion frantziarrak izan ziren; talde honek sailkapen nagusiko bigarren postua eskuratu du, irabazleengandik 10 minutura. Eta hirugarren taldea Robert Antonioli eta Michele Boscassi italiarrek osatutakoa izan da.

Beste ekitaldi batzuetan bezala, hainbat euskal eskiatzailek ez dute Pierra Mentan parte hartzeko aukerarik galdu nahi izan. Jakina, lehen postuak ez dituzte helburu izan, beste “maila” batean jokatzen baitute. Javier Tirapuk Ignacio Cabal taldekidearekin 65. postua lortu du. Eta beste euskal talde bat, Iñigo Larizek eta Igor Alzelaik osatutakoa, 77. postuan sailkatu da.

Amaiera ekitaldian, antolatzaileek onartu zuten aurtengo Pierra Menta borobila izan dela: «Azken etapan, Grand Mont mitikora 4.000 ikusle bertaratu ziren. Gainera, eskiatzaile guztiak ondo baino hobeto animatu zituzten. Eta jarrera hori eskertzekoa da. Aurten eguraldi eguzkitsua eta elur asko izan dugu. Eta horrek asko laguntzen digu. Bide batez, esan behar dugu 400 boluntariok eginiko lana arrakastaren giltzetariko bat izan dela. Dena ondo atera da. Eskiatzaileek ere txalotu dute gure lana, eta horrek betetzen gaitu».

Euskal gazteak, bikain

Nagusien mailan ez bezala, gazteen mailan euskal ordezkariek azpimarratzekoak diren emaitzak lortu dituzte. Inolako zalantzarik gabe, euskal eskiatzaileen artean Iñigo Martinez de Albornozek eginiko lana goraipatzekoa da. Aurtengo ekitaldian Come Deruaz frantziarrarekin lehiatu da.

Askotan aipatu izan dugu gipuzkoarrak, azken urteotan izan duen bilakaeraren ondorioz, maila ederra hartu duela. Nahiz eta oraindik juniorra izan, seniorretako hainbat lasterketetan lehen hamarren artean sailkatzea erdietsi du. Azkena Altitoyn izan zen.

Ohi den bezala, Pierra Mentak, seniorrei ez bezala, gazteei bi etapa antolatzen die. Eta bi eguneko denborak batu ondoren, Deruaz-Martinez de Albornoz bikoteak sailkapen nagusian bigarren postua sinatu du. Kontuan hartu behar da halaber, maila horretan 38 bikotek hartu dutela parte; beraz, parte-hartze handia izan da.

Lehenengo etapan zein bigarrenean, euskal eskiatzailea hirugarren postuan sailkatu zen. Baina esan dugunez, bi eguneko denborak kontuan hartuta Pierra Mentako zilarra poltsikoratu du. Lehen taldea Samuel Equy eta Simon Bellabouvier frantziarrek osatu zuten, eta Deruaz eta Martinez de Albornoz sei minutura geratu ziren.

Aipatzeko modukoa da Pablo Oderiz nafarrak erdietsitako postua ere. Sergi Lambea katalanarekin batera, hamabigarren postua egin zuen; irabazleengandik 30 minutura.

Nesketan, bestalde, Iñigoren arreba Carla Martinez de Albornoz Julia Casanovasekin lehiatu zen, eta hamahiru bikotetik zortzigarren postuan sailkatu zen. Irabazleek, Adele Milloz eta Lena Bonnel frantziarrek, ia ordubeteko tartea atera zieten.

Kadete mailan ere euskal ordezkariak izan genituen; soilik mutiletan. 28 bikotek hartu zuten parte, eta Lucas Oderizek eta Txomin Ortiz de Zaratek osatutako taldea hamalaugarrena izan zen; Giovanni Rossi eta Daniele Corazza italiarrengandik 35 minutura. Rafa Urbizu eta Diego Mina bi postu atzerago sailkatu ziren.