Otañok mendean hartu du Mindegia neurketa eder batean
Beizamakoak eta Zubietakoak sekulako jendetza erakarri zuten, eta Doneztebeko pilotalekua jendez gainezka egon zen.
Eneko Otañok irabazi zuen atzo Donezteben jokatu zen aizkora apustua. Amaieran minutu eta erdiko tartea kendu zion Mieltxo Mindegiari. Sekulako jendetza batu zen Doneztebeko pilotalekuan, harmaila guztiak gainezka baitzeuden neurketa hau ikusteko. Gazte jendeak ere erruz erantzun zuen, eta ez zen animo faltarik izan.
Aizkolari bakoitzak hamabi kana-erdiko eta lau 60 ontzako ebaki behar izan zituen. Lau kana-erdiko eta 60 ontzakoak plazaratu zituen Mindegiak, eta beste kana-erdikoak, berriz, Otañok eraman zituen. Zubietakoak bere aita eta osaba, Miel eta Hilario Mindegia, izan zituen alboan laguntzaile. Beizamakoak, berriz, Floren Nazabal eta Arkaitz Jauregi. Aizkolari bakoitzak 3.000 euro jokatu zituen dirutan.
Bikaina, ederra, emozio handikoa izan zen atzo jokatu zen apustua. Jendeak ere erantzun bikaina izan zuen, harmailak leporaino betez, eta aizkolariek ez zuten hutsik egin. Bi aizkolariak enbor ezberdinekin abiatu ziren, 60 ontzakoekin ekin baitzion Mindegiak, eta kana-erdikoekin, berriz, Otañok. Beraz, dena berdindu arte ezin zen erreferentzia argirik hartu, eta Enekok bere lehen zatiko bi enborrik handienak bota zituenean, abantaila gipuzkoarraren aldekoa zen, eta minutu bat pasatxokoa, gainera. Ondorengo erreferentzia, lan erdietakoa zen, eta hor ere Beizamakoak aurretik jarraitzen zuen. 18 minutu eta 39 segundoan bota zituen lanen erdiak Otañok, eta 19 minutu eta 22 segundo behar izan zituen Mieltxo Mindegiak.
Bigarren itzuliaren hasieran nafarrak gain hartu zion Beizamakoari, eta gauzak asko estutu ziren, baina berriro ere gipuzkoarrak gauzak bere tokira eraman nahi izan zituen, harmailetako animoen artean, eta agintari sartu zen azken txanpara. Mindegia saiatu zen Beizamakoa berriro harrapatzen, amaieran aurretik izateko, baina oraingoan ezinezkoa izan zen, eta garaipena Gipuzkoa aldera joan zen. Amaieran bi aizkolariek txalo zaparrada handia entzun behar izan zuten, eta ongi merezitakoa, gainera, oso lan ona egin baitzuten.
Hauek izan ziren enborrez enbor, Eneko Otañok egin zituen denborak: 1.35, 3.26, 5.25, 6.18, 11.08, 13.30, 16.09, 18.39, 21.35, 25.06, 28.33, 30.50, 33.08, 35.52, 38.49 eta 41.35. Beizamakoak aurrena hiru kana-erdiko ebaki zituen, jarraian bi 60 ontzako, ondoren beste hiru kana-erdiko, gero bi 60 ontzako eta amaitzeko falta ziren sei kana-erdikoak moztu zituen.
Mieltxo Mindegiaren atzo eguerdiko denborak, berriz, honako hauek izan ziren: 2.15, 4.15, 7.21, 9.49, 12.25, 14.43, 18.00, 19.22, 22.52, 26.05, 28.12, 30.50, 32-26, 36.23, 39.44, 41.05 43.03. Zubietakoak bi 60 ontzako moztuz hasi zuen norgehiagoka, jarraian sei kana-erdiko ebaki zituen, ondoren bi 60 ontzako, eta azkenik falta ziren sei kana-erdikoak moztu zituen.