Moderne trinketa eskuz aldatuko da bere jitea gordez
Jean-Marie Mailharrok lekukoa pasatuko du «datozen belaunaldiei tokia uzteko»
Ipar Euskal Herrian, eta batez ere Baionan, pilotazaleentzat jauretxe bat baldin bada, Moderne trinketa da hori. Jean-Marie Mailharrok ia 30 urtez izan du bere gain kantxaren eta bertako jatetxearen kudeaketa, baina orain beste batzuen eskuetan utziko du.
Behauztarrari zaila egingo zaio pilotaren erreferente den gunea uztea, baina etsiko duela dio: «Adina badut –63 urte– eta ez da ona sobera luzaz segitzea. Gazteek badute ikusteko eta lan egiteko molde desberdina eta lekua utzi behar zaie. Bizitzaren faseak dira».
Erretiratzea ez da bat-batekoa izango, halere. Negozioa hartuko dutenak –jada hitzarmena adostua dago Herriko Etxearekin– bordelesak dira eta ezer gutxi ezagutzen dute pilotaz eta pilotaren munduaz. Hori dela-eta, eskualdatzea poliki egingo da. «Ez naiz salbai bat bezala joanen. Ni hemen izango naute astero urtebetez. Jendea aurkeztu, giroa ezagutarazi behar zaie, hemengo izaera atxiki dezaten. Nire 'ondarea' esku onetan utziko dut» adierazi du.
Izan ere, 1987an hartu zuen Modernek eta egungoak ez dute zerikusirik. «Eraikin osoa Herriko Etxearena da, baina orduan ez zen batere horrela. Trinket eta jatetxe zahar bat ziren. Jatetxean obra egin nuen eta, hamar urte geroago, Udalak trinket osoa eraberritu zuen», zehaztu du, Moderne izena lehenik ere bazuela eta ez zuela horregatik hartu argituta.
Ofizio ezaguna
Leku berria bai, baina Mailharrok ofizioa ezagutzen zuen lehendik, gaztetan Donibane Garazin instalatu zelarik Garat trinketaren kudeaketa bere gain hartu baitzuen. «19 urte nituen eta 13 urtez atxiki nuen. Aitzindari izan nintzen astelehen orotarako pilota partidak antolatzen eta oraindik ere ohitura hori mantentzen da eta horrek biziki pozten nau», aitortu du.
Garai hartan pilotazale gutxi omen zen barnealdean, baina urteetako ahaleginari esker, lortu zuen afizioa piztea, baita Moderneraino erakartzea ere.
Baionako bestetako Masterren txapelketa izan ohi da urteroko hitzordu bereziena. «Hasi nintzelarik jaietan, inor ez zen auzo honetara etortzen. Emeki-emeki jendea ekarrarazi nuen, asko barnealdetik, gainera. Horretarako, herriko jaietako giroa sortu nuen, musikarekin, euskal giroa sustatuz… Orain, Baionatik ez ezik, Aldude, Senpere eta Zuberoatik ere jende anitz etortzen da bestetako igandean Masterren finala ikustera», nabarmendu du Mailharrok.
Txapelketa eta ikuskizunez gain, pilotan jokatzera pilotazale ugari etortzen da trinket enblematikora. «Berezitasuna ‘pala antxa’ da, baina eskuz aritzen diren taldeak ere etortzen dira», azaldu du amikuztarrak.
Urte hauetan guztietan gauzatu ezin izan duen nahikeriaren bat baduen galdetuta, duela 20 bat urte enpresa bat muntatu nahi zuela dio: «Baina diru asko behar zen. Orain pilota hobeki da Ipar Euskal Herrian, besteak beste, Panpi Laduche eta horrelakoei esker. Txapeldun gazte handiak ateratzen ari dira, Larralde, Ducassou, Bilbao…, enpresek dirua ematen dute pilotarentzat, Esku Pilotak ere lan bikaina egiten du».
Hori guztia «marka handia da», bere ustez, eta pilotaren etorkizunarekin ez da beldur. «Pilota galdua dela hamaika aldiz entzun dugu, baina beti izan da norbait atxikitzeko. Finean, pilota gure kultura da eta hori defendatzen eta indartzen segitu behar da», gaineratu du.
Modernen ez bada ere, asmo hori dauka Donibane Garazin auzapezorde ere badenak. «Ahal dudan heinean, gazteak laguntzen segituko dut. Niretzat euskaldun edo abertzale izatea egunerokotasunean Euskal Herriaren alde jardutea da. Ez zait inporta eskuinekoa, zentrokoa edo ezkerrekoa izan edo ez. Gure herriarentzat pilotan, kulturan edota ekonomian zer egiten den da inportanteena. Bihar gazteek Euskal Herrian bizitzeko aukera izan dezaten obratzea. Hori da benetako politika», adierazi du.