Andoni ARABAOLAZA
LEHIA

Burguko herriak Boulder Ligariamaiera ederraeman dio

Landederra kiroldegian jokatutako laugarren eta azken proban 53 eskalatzailekhartu zuten parte. Giro apartaz gain, emozioz beteriko lehiak izan ziren.

Amaitu da dagoeneko Boulder Ligaren azken ekitaldia. Nota ederrarekin amaitu ere. Arabako hainbat boulder aretok zein Euskal Mendizale Federazioak antolatutako zirkuitu herrikoi honek aurten lau proba izan ditu. Lehen biak Gasteizen bertan jokatu dira: Estadio Fundazioko eta Hegoaldeko egituretan. Hirugarrena, berriz, Amurrion. Eta laugarrena eta azkena, hil honen 19an Burgeluko Landederra kiroldegian.

Azken hitzordu honetan, giro apartaz gozatu bazuten ere, aipatu behar da emozioak protagonismo berezia hartu zuela. Azkenengo hiru probetan lehiakideek batu zituzten puntuak kontuan hartuta, behin-behineko sailkapena puri-purian zegoen. Eta aurreratu behar da lehendabiziko postuetan zeudenen artean urduritasuna bazegoela.

16 urtez azpikoak, herrikoiak eta elitekoak, pronto ziren Dani Perezek eta Dani Perezek (ez da txantxa bat, izen eta deitura berbera dute) ekipatutako blokeei ekiteko. Guztira, 53 lehiakide; ia erdiak emakumezkoak ziren.

Gainerako hitzorduetan ez bezala, antolatzaileek sailkapenetako fasearen formatua aldatu egin zuten. Aurreko probetan hiru korapilo soilik askatzeko aukera zuten; Burgukoan, aldiz, 18 bloke eta horiek askatzeko bi ordu aurretik. Eta, oro har, esan daiteke ekipatzaileek asmatu egin zutela; izan ere, estilo ezberdinetako blokeak prestatu zituzten.

Gogor estutzen

16 urtez azpikoetan, mutiletan, Haitz Gisasolak irabazi zuen, eta haren atzetik Mikel Cuerda eta Oiher Poplawski sailkatu ziren. Sailkapenetan azken honek hobeto jardun zuen, baina finaleko hiru blokeetan atzean geratu zen.

Nesketan, berriz, Irune Calvo izan zen indartsuena, Nahia Garcia de Eulate eta Nora Portillaren aurretik. Aipatu beharra dago lehiakide hauek finaleko hiru korapiloetan berdinduta geratu zirela. Beraz, sailkapenean sinatutako bloke kopuruak kontuan hartu ziren.

Horren ondoren, herrikoien mailakoek jardun zuten. Mutiletan Aritz Merchanek eraman zuen lehenengo postua. Eneko Garcia sailkatu zen bigarren postuan, eta Borja Jimenez, hirugarrenean. Aurreko mailan bezala, sailkapenean eginiko bloke kopurua erabakigarria izan zen.

Nesketan ere finalean lehia bizia izan zen. Podiumeko lehen hiru postuetan hauek izan ziren: Miren de Pablo, Irati Musitu eta Jaitz Julian.

Eta elite mailan, finalean, lehenak lehiatzen mutilak izan ziren. Adrian Donnayk eta Txomin Arantzamendik bina bloke egin zituzten, baina sailkapenak kontuan hartuta, Donnayk irabazi zuen. Hirugarren postua Borja Donnayrentzat izan zen.

Eta nesketan, Irene Alvarezek hiru blokeak sinatu eta garaipena erdietsi zuen. Bigarrena Izaro Azkue izan zen, eta hirugarrena Olaritz Arakama.

Jokatutako lau probetan batutako puntuek sailkapen nagusiak argitu zituzten. 16 urtez azpikoetan, nesketan, Calvo irabazle, Ane Hidalgo bigarren eta June Pascual hirugarren. Mutiletan, Poplawskik irabazi du aurtengo Boulder Liga, bigarrena Cuerda izan da eta hirugarrena, Gisasola.

Herrikoietan, Musituk irabazi du, eta haren atzetik Sahiela Gonzalez eta de Pablo sailkatu dira. Mutiletan: Mikel Riañok irabazi du, bigarren postua Gorka Aginagarentzat eta hirugarrena Garciarentzat. Eta elitean, nesken podiuma: Arakama, Irantzu Porres eta Alvarez. Eta mutiletan, Adrian Donnay lehena izan da, bigarrena Borja Donnay eta hirugarrena Julio Sanchez.