Euskal eskalatzaileak bederatzigarren graduangero eta sendoago
Iker Pouk «Cleteropa original» bidearentzat 9a proposatu du. Iban Larrionek «Iñi Ameriketan» marra igo du; 9a+ delakoan dago. Eta Ander Lasagabasterrek «Begi puntuan» sinatu du; harentzat 8c+/9a izan daiteke.
Maila gorenean dabiltzan Euskal Herriko eskalatzaile batzuek badirudi ez dutela bederatzigarren esferatik jaitsi nahi. Horrela aldarrikatu nahi izan dute Iker Pouk, Iban Larrionek eta Ander Lasagabasterrek.
Pouk, adibidez, Mallorcara ohiko bisita egin du. Eta han “Cleteropa original” xede zaharraren lehen igoera egin du, eta harentzat 9a proposatu du. Gogoratu behar dugu gasteiztarrak bere lehen 9a (“Action directe” historikoa) duela 16 urte egin zuela.
Askatu duen proiektu horren inguruan hau adierazi du: «Bide hori nahiko luzea da. 40 metro horietan zailtasun handienak amaieran daude. Lehen 30 metroak oso atletikoak dira. Azken zatian, berriz, eroria duen plaka bat da, eta han blokeko pauso gogor bat dago. Bidea ekipatu zutenek hasieran irteera eskuinetik egin zuten; izan ere, uste zuten gogorregia aterako zela. Orain, berriz, zuzen egin dut».
Gradu aldaketak
Larrion, bestalde, Baltzolan buru-belarri ibili da. Esku artean helburu gogor bat zuen: “Iñi Ameriketan”. Eta, azkenean, hori kateatzea erdietsi du. Iñigo Basterrak ekipatutako marra horren lehena duela 14 urte Rikar Otegik egin zuen. 9a gisa aurkeztu zuen. Ondoren, Patxi Usobiaga eta Adam Ondraren errepikapenak iritsi ziren. Usobiagak bat egin zuen Otegirekin; baina Ondrari, sekuentzia berri bat asmatu ondoren, 9a+ iruditu zitzaion.
Larrionek baieztatu du txekiarraren metodo bera erabili zuela: «Ondrak eginiko sekuentziak erabili nituen, eta horregatik uste dut 9a+ dela. “Il domani” (9a) baino zailagoa iruditu zait, behinik behin. Probatzen ari nintzela blokeko giltza batean helduleku bat puskatu zitzaidan, baina horrek ez dio zailtasunik ematen».
Azkenik, Lasagabaster oso motibatuta ikusi dugu “Begi puntuan” bidearekin. Eta joan den martxoaren 23an Etxauriko marra hori egitea lortu zuen. Ekaitz Maizek ekipatu eta lehen igoera egin zuen, eta arrasatearrarena bosgarren errepikapena izan da.
Lasagabasterrek esan du Eguberrietako oporrak baino lehen probatzen hasi zela: «Opor horiek iritsi zirenean, bidea nahiko eskura nuen; kateatzeko zorian egon nintzen. Aste Santuan, berriz, egun libre gehiago nituen, eta ondo aprobetxatu ditut. Metodo ezberdin bat asmatu dut, eta horrek zati zailena pixka bat lasaitu du. Horregatik guztiarengatik, uste dut 8c+/9a izan daitekeela».