Jon LEUNDA
Harri-jasotzea

Irigoienek Aiako Torneoko iragarpenak bete ditu

Errezildarrak lau jasoaldiko aldea atera zion bigarren sailkatu zen Urruzunori.

Ez zen ezusterik izan, eta Aimar Irigoienek irabazi zuen herenegun arratsaldean Aian jokatu zen Peru Harri txapelketa. Errezildarra zen garaipena lortzeko faboritoa eta ez zuen hutsik egin.

Harri-jasotzaile bakoitzak 125kiloko bi zilindro zahar erabili zituen. Biak tamaina ezberdinekoak ziren. Batek 24 ontza neurtzen zituen eta besteak, 32 ontza. Beraz, zailtasunak hortxe zituzten, pisuaz gain, neurrian. Bakoitzarekin hiru minutuko txanda izan zuten.

Aurrena 24 ontzakoarekin aritu ziren, eta hor zuloa egin zuen Irigoienek, 30 aldiz berdindu baitzuen bizkar gainean. Bigarren Urruzuno sailkatu zen harri honekin, 25 jasoaldi eginda. Aimar Galarragak lortu zuen hirugarren markarik onena, 21 jasoaldirekin. Laugarren, Lopetegi sailkatu zen 20 jasoaldirekin, eta atzetik, Urrutia eta Ariztegi geratu ziren, hamaseina jasoaldirekin.

Lehen lana amaituta, Aimar Irigoienek bost jasoaldiko aldea zeukan bere alde, eta hori nahikoa izan zuen garaipena lortzeko. 32 ontzakoaren txanda izan zen jarraian, eta hor onena Inhar Urruzuno izan zen, 20 jasoaldi emanda. Irigoien geratu zen bigarren, jasoaldi bat gutxiago emanda, baina bizkaitarrak harri honekin lortu zuen aldea ez zen garaipena lortzeko adinakoa izan.

Ondoren, berdinduta geratu ziren Galarraga eta Lopetegi, bakoitzak 16na jasoaldi lortuta, eta ondoren sailkatu zirenak ere, berdinean amaitu zuten. Bigarren harriarekin ere jasoaldi kopuru bera egin zuten Urrutiak eta Ariztegik, 11na. Behin lana amaituta, batuketak egitea tokatzen zen, bigarren harri honekin berdinketa ugari izan baitziren, eta sailkapena egiteko bi harriekin egindako jasoaldiak kontuan hartu behar baitziren.

Batuketa

Batuketak eginda, garbi zegoen garaipen Irigoienena zela. Guztira 49 jasoaldi lortu zituen errezildarrak. Bigarrengo postuan Urruzuno sailkatu zen, eta bizkaitarrak guztira 45 jasoaldi egitea lortu zuen. Hirugarren postua Galarragak eskuratu zuen, eta gipuzkoarrak guztira 37 jasoaldi lortu zituen. Laugarren postuan Lopetegi gaztea sailkatu zen, eta zarauztarrak 36 jasoaldi egin zituen. Atzetik, berdinduta geratu ziren Urrutia eta Ariztegi, bakoitzak 27 jasoaldi lortuta.

Sailkapena egiteko, eta berdinketa baldin badago, bi kirolarien pisua hartzen da kontuan, eta arinena geratzen da aurretik. Ondorioz, Urrutiak lortu zuen bosgarren postua, eta Ariztegik, seigarrena. Amaieran Iñaki Perurenari omenaldia egin zioten antolatzaileek, txapelketak berak ere leitzarraren izena eraman baitzuen. Jendeak ere erantzun ona eman zuen, Aiako pilotalekuko harmailak bete ez baziren ere, jende ugari batu baitzen saioa ikustera.