Ariane KAMIO
DONOSTIA

Sakabanaketatik begiratzen eta sentitzen duen herria

Armeniarrenganako hurbilketa bat da Juanmi Gutierrezek zuzendutako «Oihalak adarretan» dokumentala. 1915eko genozidiotik, mundu osoan sakabanatutako herria da eta diasporak emandako zertzeladetatik egiten du herri horren muinerako bidea.

Mundu osoan hamar milioi armeniar daude. Hiru milioi gaur egungo Armeniako errepublika independentearen mugen barruan bizi dira. Gainerako 7 milioiak herrialde askotan sakabanatuta daude eta armeniar diaspora deitutakoa osatzen dute. Aldi berean, Armeniarekiko sentimendu bakar eta ia sakratua partekatzen dute guztiek. “Mur-mur” (2012), “Ateak zabalduz” (2014) eta “Urak dakarrena” (2015) dokumentalen ardura izan duen Juanmi Gutierrezek zuzendu du “Oihalak adarretan”, herri armeniarrarenganako gerturatze berri bat.

Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiaren baitan eskainiko da gaur, eta ez da Armenia gai duen lan bakarra izango, Robert Guediguianek zuzendutako “Un histoire du fou” lana ere eskainiko baita Victoria Eugenia antzokian.

Herri armeniarra munduko zaharrenetako bat da. Armenia Historikoa zeritzana Kaspiar itsasotik Mediterraneorainoko eremua hartzen zuen, eta kristau erlijioa onartu zuen lehenengo herria izan zen. Historian zehar persiarrek, erromatarrek, siriarrek, otomandarrek, sobietarrek eta atzerriko beste hainbat potentziek okupatu izan dute.

1915ean Otomandar Inperioak herri armeniarraren aurkako genozidioa burutu zuen. Milioi bat eta erdi pertsona baino gehiago hil zituen eta hainbat herrialdetara exodo jendetsua eragin zuen.

Bestetik, 1991n, Sobietar Batasuna desegin zenean, independentzia berreskuratu zuen Armeniako Errepublikak, gaur egun, Armenia Historikoko lurraldearen zati handi bat galdu du, Turkiarekin eta Azerbaijanekin mugak itxita ditu, eta krisi ekonomiko larri batean murgilduta dago. Ondorioz, bertako jende askok emigratzen jarraitzen du.

Ikuspegiak

Aita izan zuen Helene Handalianek genozidioaren biktima. 4 urte zituen bere herria utzi eta familiako kide asko bere begien aurrean hiltzen ikusi zituenean. Bera bezala, ehunka milaka lagun igaro ziren egoera lazgarri eta gogor hartatik.

Berea da Juanmi Gutierrez zuzendariak erabiltzen duen harietako bat, baina ez bakarra. «Bidaia turistiko antolatu batean joan ginen Armeniara. Aireportura iristean, ohartu ginen geu ginela bidaia hura erosi genuen bakarrak. Gida lanak egiten zituen emakumearekin harreman estua egin genuen, eta hura izan zen dokumentalaren abiapuntua», esan zuen atzo zuzendari gipuzkoarrak.

Hala, armeniarren sentimenduak biltzen ditu, baina diasporara ere gerturatu da Gutierrez, Euskal Herrian eta Herrialde Katalanetan bizi diren armeniarren sentipenak bilduz. Herri sakabanatua da, genozidioagatik eta egungo egoera ekonomikoagatik, baina atzerrian bizi diren guztiek antzeko sentimenduak dituztela argudiatu zuen zuzendariak. «Armenia lurralde sakratua da haientzat, baina eremu odoltsua da era berean».