Atutxak eta Mugertzak iragarpenak bete eta aurrera egin dute Urrezko Aizkoran
Atutxak eta Mugertza II.ak egin dute aurrera Urrezko Aizkoran, atzo Lazkaon onenak izan baitziren. Lehen fasean denak denen aurka neurtu ostean, bigarrenean aurreneko sailkatua laugarrenarekin neurtu zen, eta, bigarrena, hirugarrenarekin.
Lehen fasean, bi 60 ontzako ebakitzen azkarrena Zaldua izan zen; 5 minutu eta 2 segundo izan zen bere denbora. Jauregi 26 segundora sailkatu zen, 31ra Atutxa, eta minutu eta 33ra Ugaitz Mugertza.
Lehen fasean ezusteko emaitzak izan ziren, baina bigarrengoan ez zen horrela izan: Atutxa II.a eta Mugertza II.a, bi faboritoak, izan ziren onenak. Bigarren fase horretan, aizkolari bakoitzak 45 ontzako bat zutik jarrita, bi kana-erdiko eta 60 ontzako bat ebaki behar izan zituen. Atutxa II.ak aise hartu zuen mendean Arkaitz Jauregi. Bizkaitarrak 10 minutu eta 7 segundo behar izan zituen eta 11 minutu eta 50 segundo, berriz, Arkaitz Jauregik.
Xabier Zalduaren eta Ugaitz Mugertzaren artekoa askoz ere estuagoa izan zen, baina Zumarragakoak ezin izan zuen mutrikuarra mendean hartu. 8 minutu eta 37 segundoan amaitu zituen lanak Mugertzak, eta 8 minutu eta 51 segundoan, berriz, Zalduak. 23 urtez azpikoa atzo hasi zen, eta Larrea III.ak egin zuen aurrera.