Gaztediren eta Goiherriren arteko beste dema bat izango da Loiun
Euskal Herriko Lur Gaineko Txapelketako 600 kiloko bigarren jardunaldia jokatuko da bihar, 11.30etik aurrera, Loiun. Emozioz beteriko saioa iragartzen da, orain arteko guztiak bezalaxe, lehen posturako ez baitago ezer garbirik.
Maila guztietan Goiherri eta Gaztedi agertu dira gainerako talde guztien gainetik, eta pasa den asteko saioan ere horrelaxe izan zen, baina biak elkarren artean berdinduta geratu ziren. Gaurkoan garaipena lortzen duenak txapela lortzeko urrats handia egin lezake, baina azkeneko jardunaldia baino lehen ez da ezer erabakiko.
Laukizko eta Erandioko lehen taldeez gain, Gaztedi B eta C, Goiherri B, Akelarre eta Mutriku ere ari dira lehiatzen. Azkeneko postua seguru dirudi Gaztedi C taldearentzat, aurten ez baitu tiraldirik irabazi, baina gainerako postuetarako gauzak estu izango dira.
Bestetik, gaur 19.00etan Eltziegon jokatuko da Euskal Herriko finala txinga-eroaten. Bertan, gizonezkoek 50 kiloko txingak erabiliko dituzte esku bakoitzean, eta 25ekoak emakumezkoek. Nesketan, Arruti, Perez, Sousa eta Ugarte arituko dira, eta mutiletan, berriz, Perez de Heredia, Perez, Drame, Salterain, Landa eta Sukuntza.
Nesketan, Xanta Sousa izango da txapela lortzeko faborito nagusia. Nafarroan bizi den brasildarra jaun eta jabe da maila honetan, eta oso zaila izango dute gainerakoek berari txapela kentzea.
Mutiletan, gauzak estuago egon daitezkeela dirudi. Kerman Perez de Heredia da faborito nagusietako bat, baina ahaztu gabe Drame eta Sukuntza. Badirudi hiru kirolari hauen artean egongo dela txapela.