Andoni ARABAOLAZA
Eskalada

Heather Weidner,trad estiloan, gogor estutzen

Eskalatzaile estatubatuarrak Boulder Canyonen (AEB) dagoen «China doll»bidea (8b+) kateatu berri du. Gradu hori lortzen laugarren neska da.

Heather Weidner estatubatuarrak trad estiloan, hots, bere burua babesten, 8b+ eskalatu berri du. Hori emakumezkoen artean ez da batere ohikoa; izan ere, Weidnerren aurretik soilik beste hiru kidek zuten zailtasun hori lortuta. Horietako bat Lynn Hill historikoa dugu; 1993. urtean “The Nose” askatu zuenean balentria hori erdietsi zuen. 2005ean Beth Roddenek ere “The Nose” era askean eskalatu zuen; beraz, gradu bera sinatu zuen. Baina hiru urte beranduago, eskalatzaile hori gai izan zen Yosemiten “Meltdown” bidea (8c+) era librean eskalatzeko. Bi estatubatuar hauen ondoren Barbara Zangerl austriarra iritsi zen; duela pare bat urte “Prinzip hoffnung” (8b+, Voraralberg) poltsikoratu zuen.

Horrela bada, trad estiloan 8b+ lortzen laugarren neska izan da Weidner. 36 urteko estatubatuarrak Boulder Canyonen (AEB) dagoen “China doll” aukeratu zuen. Marra horrek, berez, hamar igoera baino gutxiago ditu, eta bide hori igo duen lehen emakumezkoa Weidner bera izan da. Marrari dagokionez, aipatu behar da hasiera batean kirol eskaladakoa zela; beste era batera esanda, paraboltekin ekipatuta zegoen. Bederen, marraren lehen 30 metroak (7c+). 90eko hamarkada zen. 2007. urtean, berriz, Mike Patzek “China doll” luzatu eta seguru finkorik gabe eskalatu zuen: «Lehen mailako artesia da; benetako artea. Espero dut ‘China doll’ osoa trad estiloan, benetako eskaladan, inork patrikan sartzea».

Horietako bat Ethan Pringle izan zen. Duela zazpi urte, “China doll” era garbian eskalatu duen bakarrenetarikoa izan zen: «Bide honi buruz zer edo zer esan behar badut esango nuke oso-oso arriskutsua dela. Izu uneak daude, etsipen uneak… eta hori eskalada osoan. Une oro zeure buruari erorikorik ez izatea agintzen diozu. Baina, era berean, mugimendu oso ederrak ditu, eta, beraz, gozatzeko aukera ere baduzu».

Lerrootako protagonistari dagokionez, aurreratu du “China doll” kateatzea kosta egin zaiola: «Iazko urteko amaieran onartu nuen helburu hau niretzat handiegia zela. Ezin izan nuen xede hori borobildu. Baina oso burugogorra naiz, eta aurten marra horretan lanean jarraitu dut. 70 ekinaldi baino gehiago egin ditut. Azkena berezia izan da oso: amaiera agonikoa eta tentsio ikaragarriarekin».

Estatubatuarrak dioenez, “China doll” marrak hiru zati ditu. Lehena, 6c gradukoa da eta segururik ia ezin da jarri. Bigarrena, berriz, 8a+ graduko artesi bat da. Eta hirugarrena, 8b graduko artesi zabal bat. Hiru zati horiek lotuta, “China doll”-ek 8b+ graduko proposamena jaso du.

Eskalatzaile honek xede horretan izan duen bilakaeraz honakoa adierazi du: «Gutxi gorabehera orain dela urtebete probatzen hasi nintzen. Hasteko, 8a+ graduko luzea paraboltak erabiltzen eskalatu nuen. Ondoren, hurrengo luzeari ekin nion, baina soka gainetik. Hau guztia eginda, neure buruari esan nion trad estiloan eskalatzea oso zaila izango zela. Baina ausartu nintzen. Ekinaldi horietan guztietan kolore guztietako egoerak bizi izan ditut: beldurra, tristura, benetako zoriontasuna… Eroriko arriskutsuak izan ditut. Horietako batean hainbat friend atera ziren eta erlaitz baten aurka kolpe gogorra hartu nuen. Saio bakoitzean ordubete inguru egiten nuen; epikoa zen. Negu osoa gogor entrenatzen pasatu dut; batez ere indarra, boulder, campus eta blokeo asko egin nituen. Baina, 70 saio eta 50 egun baino gehiago probatzen egon ondoren, erronka hau gainditu dut. Ia ezin dut sinetsi; lan gogorraren emaitza izan da».