Gaztedik eta Goiherrik berdindu egin dute 580ko lehen saioan
Gaztedi A eta Goiherri A taldeak berdinduta geratu ziren Euskal Herriko Lur Gaineko Txapelketako 580ko lehen jardunaldian, eta aurreko mailetan gertatu den bezalaxe, hemen ere amaierara arte izango da emozioa.
Erandiokoek eta Laukizkoek gainerako talde guztiak mendean hartu zituzten, eta euren arteko dema berdinean geratu zen, bakoitzak tiraldi bana irabazita. Emozioa, ordea, hirugarren posturako ere izan zen, hor Gaztedi B eta Goiherri B izan ziren berdinduta geratu zirenak. Aurreneko bi taldeekin galdu egin zuten biek, eta gainerakoei irabazi ostean, euren artean berdindu egin zuten, tiraldi bana irabaziz.
Bosgarren postua Akelarrerentzat izan zen. Gaztedi C taldea bakarrik hartu zuen mendean, eta Laukizkoen hirugarren taldeak itxi zuen sailkapena, jokatutako tiraldi guztiak galduta.
Harri-zulatzea
Harri-zulatzaileen Ligako bosgarren jardunaldia ere Ereñok irabazi du, eta txapela lortzetik gero eta gertuago dago, sailkapen nagusian aldeak gero eta handiagoak baitira. 15 zulo eta 5,2 zentimetroko marka egin zuen.
Bigarren postuan Trapagaran geratu zen 14 zulo eta 9,6 zentimetroko marka eginda. Ortuellako Burdin Gazteak sailkatu zen hirugarren, 12 zulo eta 8,9 zentimetro eginda. Atzetik Kabiezes eta Piratak geratu ziren, biak 12 zulo pasarekin, eta sailkapena Errekatxok itxi zuen 8 zulo eta 11,5 zentimetroko marka eginda.
Orain arte jokatu diren proba guztietan Ereño jaun eta jabe ari da agertzen, eta ez dirudi inor gai izango denik berari txapela kentzeko, sailkapen nagusian ere tarte zabala lortzen ari baita.