Jon LEUNDA
Harri-jasotzea

Urruzunok ezustean jantzi du Euskal Herriko txapela

Bizkaitarrak harri bolarekin hartu zion aurre Aimar Irigoieni, ordura arte errezildarra aurretik baitzen.

Inhar Urruzunok ezustea eman zuen atzo Alegian, eta berak jantzi zuen Euskal Herriko Harri Txikien txapela, Irigoieni 62,5 kiloko aldea kenduta. Emozioa azkenera arte izan zen. Bola izan zen azkena erabili zutena, eta amaierako txandara Irigoien aurretik sartu zen. Haren atzetik zen bizkaitarra, eta Aimar baino hiru jasoaldi gehiago lortu beharra zeukan Urruzunok, eta lortu egin zituen.

Kirolari bakoitzak 125eko errektangularra, pisu bereko zilindro kopa, 112,5 kiloko kubikoa eta 100eko bola erabili behar izan zituen, eta bakoitza hiru minutuko txandan. Urruzunok 30 jasoaldi eman zizkion errektangularrari, 29 kopari, 18 kubikoari eta 27 bolari. Denera 104 jasoaldi, eta 12.100 kilo.

Irigoienek 30 jasoaldi eman zizkion errektangularrari, zilindroari bezalaxe, 19 kubikoari eta 24 bolari. Denera, 103 jasoaldi, 12.037,5 kilo. Izeta IV.ak, 26 jasoaldi eman zizkion errektangularrari, baita zilindroari ere. Kubikoari, berriz, 20, eta 22 bolari. Denera 94 jasoaldi eta 10.950 kilo. Eizagirrek itxi zuen sailkapena. Zarauztarrak 24 jasoaldi eman zizkion errektangularrari, 25 zilindroari, 17 kubikoari eta azkenik 21 bolari. Denera 87 jasoaldi lortu zituen, 10.137,5 kilo bizkarreratuz.

Harriekin jarraituz, Erreistaren idiek irabazi zuten herenegun gauean, sekulako jendetzaren aurrean, Aian jokatu zen apustua. 54 plaza egin zituzten, eta 42, berriz, Iartzetaren idiek. Alde bakoitzak 3.000 euro jarri zituen dirutan.

 

Aizkora

Urrezko Aizkorako Txapeldunen Ligako bi saio jokatu ziren larunbatean, eta bietan Arkaitz Jauregi aritu bazen ere, arabarrak ezin izan zuen bietako bat ere irabazi, Donato Larretxeak eta Ruben Saralegik lortu baitzituzten hurrenez hurren garaipenak.

Goizean Zornotzan jokatu zen saioa, eta bertan Larretxea izan zen bietan onena. Bost lan ezberdin egin behar izan zituen kirolari bakoitzak, eta jokatutako lauretan Larretxea izan zen azkarrena, eta batean izan zen hobea Jauregi. Azkeneko lanera, iraupen probara, 52 segundoko aldearekin iritsi zen nafarra, eta lanik luzeenean, Larretxeak beste 32 segundo sartu zizkion. Lan guztiak burutzeko, 22 minutu eta 10 segundo behar izan zituen Larretxeak eta 23 minutu eta 34 segundo Arkaitz Jauregik.

Iluntzean Bilboko Santutxu auzoan jokatu zen saioa. Bertan, Jauregik Atutxaren aurka jokatu behar zuen, baina azken honek ezin izan zuen lehiatu, eta bere ordez Ruben Saralegi aritu zen. Hemen ere bost lan ezberdin egin behar izan zituen bakoitzak. Jardunaldi honetan ere Jauregik saio bakarra irabazi zuen, lau proba eraman baitzituen nafarrak.

Iraupen probara Saralegi minutu bateko aldea zuela sartu zen, eta amaierako proban hiru segundo gehiago sartu zizkion. Denera, 21 minutu eta 22 segundo behar izan zituen Saralegik, eta 22 minutu eta 35 segundo Jauregik.