Xabier Izaga
Kazetaria
IKUSMIRA

Kartoi Arotik Iruñera so

Gogoan dut 70eko hamarraldian Gasteizen blusekin batera (artean kuadrilletan ez zegoen neskarik) kaleetan zehar ibiltzen zen fanfarre berezi bat: Kartoi Banda. Arrantzale alkandora, koadrodun painelua eta txapela jantzita, fanfarreetako ohiko tresnak jotzen zituzten, kartoizkoak baina. Nik ikaragarri gogokoa nuen; hala ere, ulertzen dut hainbati txorakeria galanta iruditzen zitzaiola. Blusen eta nesken kuadrillak bezala. Ezin ukatu, ordea, seguru asko gehienentzat kuadrillak Gasteizko jaien ezaugarri eta erakargarri nagusi direla. Eta haietako kideen jarrerak jendartearenak direla. Onerako eta txarrerako.

Atzo Blusen eta Nesken Eguna izan zen, Gasteizko jaien preludioa. Datorren astean, abuztuaren 4an, Zeledonek guardasola zabaldu eta jaiaren hasiera seinalatuko du. Bost egunez, musika, dantza, kontzertuak era guztietako ikuskizunak, parranda, parranda, parranda. Bost egunez… eta bost gauez, eta herritarren erdiek badakite eurentzat gaua ondo pasatzeko aukera ez ezik, arriskua ere badela. Baina ez da nahikoa onartezina dela esatea. Fenomeno zahar, zaharregi hori erauzteko gauza ez den jendarteak, Kartoi Aroa atzean utzita ere, ez du Harri Aroa atzean utzi. Arazoa ez dira erasotzaileak bakarrik, ezta jai garaia bakarrik ere, baina jaiak erasoak ugaritzeko testuinguru aproposa diren bezala, horiek erauzteko erabakimena erakustekoa ere badira. Ez da mugimendu feministaren edo emakumeen kontua soilik, baita kuadrillen eta kolektibo ororena ere eta instituzioena, gizabanako guztiona.

Aurtengo jaien irudia akitu arte dibertitzen dakien eta sexu edo identitate gailentasunik onartzen ez duen jendarte batena izan dadila. Begiratu dezagun Iruñerantz.