Hil naute (+)
Identitatea, hizkuntza eta komunitatea zaku berean sartuz gero, antza, bada elementuren bat sobera dagoena. Ez horietako bakar bat, baizik eta saskian dagoen beste gai bat. Eta da enparauena. Eta enparautzat hartu dut neure burua azken egunetan, are sentimen berbera denbora luzez errepikatzen ari dela jakinda.
Victor Morenoren izenean hil naute. Eta singularra darabilt nire heriotzaz bakarrik hitz egin nahi dudalako, nahiz eta jakin badakidan azken orduetan sustatu diren eztabaidetan fusilatu bat baino gehiago egon dela.
Tira eta tira ari naiz beti “euskal” deritzan hori nola jarri nire izen, deitura, izate, profesio edo dena delakoaren ondoan. Saiatu, betitik saiatu naiz. Gurasoak ikastolako irakasle izan ditut betitik ere, eta euskararekiko konpromisoa oso izan da odolekoa arrazoimenez jokatzea lortu dudanetik. Ikastola eraikitzeko etxea hipotekatu zutenen artean ditut nire etxekoak, beste askoren artean, eta miresten ditut, asko gainera. Denak. Baina antezedenteek ez dute oraino balio handiegirik izan. Jarraitzen gaituen Poliziak garbiketa linguistikoa egitea nahiago baitu.
Etorkinek biztanleria ia bikoiztu zuten herri batean bizita, betidanik elebitasuna izan dut lagun inguruan, halabeharrez. Baina ez dut sekula nahikeriarik sentitu inoren gainetik. Orain, euskal zera bat izateari uztera behartzen nautenean, gutxietsia eta alboratua sentitzen naiz etxe barruan bertan. Eta ez GARAn, euskal komunitatea deritzan horretan baizik. Atzo irakurri nuen gu, GARAko kazetariok, ni, kasu, ez naizela euskal kazetaria. Eta arrazoi dute, jira horretan eraikitako zirkulu guztietatik at sentitzen bainaiz oraindik.