Euskal amets asko argitu dituen tximista
Diru asko zuen Juan Zelaiak, dudarik ez; laguntzeko gogoa ere, asko, itzela. Ez zen hitz gehiegi egin zale, hemerotekan ez da apenas berari eginiko elkarrizketarik aurkitu, eta aurkitzekotan, lerroburu deigarririk gabekoak. Mintzatzea baino, egitea zuen gustuko oñatiarrak, eta egitea baino, oraindik gehiago eragitea. Hori dela-eta, irakurle askorentzat ezezaguna izan liteke bere aurpegia, baita izen-abizenak ere. Baina aldi berean, asko izan dira bere etxeko atea jo dutenak eta gutxi patrika hutsik itzuli direnak.
Ikastolek, euskal hedabideek (tartean honako hau eta Poliziak itxi arte iraun zuen ‘‘Egin’’), euskal kulturako hainbat ekimenek... nekez egingo zuten aurrera bere ekarpenik izan gabe. Horiek guztiak ukitu zituen atzo Zelaiaren heriotzaren albisteak, azken urteotan adinaren poderioz inoiz baino ikusezinagoa zen arren.
Bere jokabidearen zergatia ohiko apaltasunez azaldu zuen ‘‘7K’’ aldizkariari emandako elkarrizketan, 2001. urtean: «Etxea badaukat, bizitzeko beharrik ez badaukat, zer egin behar dut? Euskalduna naiz eta nahiko nuke Euskal Herriak bere ohiturekin eta bere hizkuntzarekin jarraitzea, eta hori beste lan bat da». ‘‘Ezina ekinez egina’’-ren filosofia bere eginez, amets askori bateriak jarri zizkion dirua pilak egiten eta saltzen lortzen zuen gizonak.
Bizitza guztietan bezala, argi-ilunik ez da falta Juan Zelaiarenean. Bata bere azken urteotakoa da, ezaguna, beraz: Cegasa enpresaren gainbeherak 275 langile utzi zituen kalean, nahiz eta hango ordezkariek sarri eskertu zuten ordurako 94 urte zituen enpresariaren ahalegina eta auzitegiak pilatutako diru galerak egiazkoak zirela onetsi zuen. Bestea bere bizitzaren hasierakoa da eta honelaxe kontatu zuen elkarrizketa hartan: «Hamabost urterekin harrapatu ninduen gerrak. Gero soldadu egin nintzen, Francoren alde. Urte eta erdi batez egon nintzen soldadu. Inori ez zioten galdetzen ea gerrara joan nahi zuen: hartu eta eraman».
Sakabanaturik gelditu zen familia: aita Txilera erbesteratua, ama Nafarroan gordea, anai-arrebak Oñatiko baserrian, ondasun guztia galdua... «Ostean hasi ginen berriz pilekin, 1942-43an». Pasarte horiek azal dezakete Zelaiak euskal diasporarekin beti izan duen lotura estua, baita guztiz zapaldurik zen euskara bultzatzeko haren grina ere. Anekdota moduan, askotan aipatu izan du zer-nolako mina eragin zion enpresaren izena aldatu beharrak, «kanpoan Tximist ahoskatzen ez zekitelako». Cegasa bezala birbataiatu zuten, orduko hiru kideen abizenen hasierako letrak erabiliz: Celaya, Enparantza, Galdos.
Oñati txikiegi gelditua zelakoan, Gasteizera mugitu zuten egoitza, baina Debagoieneko jatorria bistatik sekula galdu gabe, mundu zabalari so baina oinak lurrean tinko jarrita.
Estatu mailan halakorik ez zela-eta, pilen negozioa oparoa izan zitzaion Juan Zelaiari. Geldirik egon ezinik, eta seme-alabarik ez izateak «lagunduta», irabazitakoarekin egitasmo piloa garatu zituen, etengabe.
Kanpora begira azaleratzen zena enpresari arrakastatsu baten ohiko bizimodua zen: esaterako, guztiz utzia zegoen Arabako Barrundia herriko Larrinzar auzoaren jabe bilakatu zen Zelaia, bertan baserri batean lasai-lasai bizitzeko, eta 500 ardi inguru jarri zituen, inguruko larreak garbi zitzaten. Baina bitartean, garaiek behartzen zuten diskrezio osoarekin, sortzen ari ziren ikastolen sustatzaile garrantzitsuenetakoa ere izan zen enpresaria.
Siglarik gabe, politikan
Sigla zehatzekin ezkondu gabe, zenbait ekimen politikorekin ere lotua izan da Juan (lagunentzat Juanito) Zelaiaren figura. Esaterako, 1962. urtean Munich-etik frankismoaren aurka eginiko indar batuketa saiakera lagundu zuela esan da. Zurrumurru batzuek gerra zikinaren jopuntuan ere jarri dute 70eko hamarkadan, nahiz eta berak ez zuen inoiz halakorik aipatu.
Ideologia eta kidetasun zehatzik gabe, Euskal Herriaren eta euskararen biziraupenarekiko konpromisoa agertu zuen beti Zelaiak. Baina berriro bere ekintzetan irakurri beharko dugu nahi hori, ez hitzetan. Begi bistakoa da, adibidez, Lizarra-Garaziko garaietan bere izena sarri ageri zela proiektu ezberdinen atzetik. Gero, aipaturiko 2001eko elkarrizketa hartan, abertzaleen arteko elkarlana amaitu eta Jose Maria Aznarren erasoaldia latza zen garaian hain zuzen ere, honela mintzo zen, biziki kezkaturik: «Gerra garaia gogorarazten dit gaurko giroak».
Orduantxe hasi ziren bere ekarpena ozenago aipatzen eta zenbait sari ere ematen. Zelaiak horiek jaso, eskertu eta etxean gordetzen zen berriz, hurrengoan atea nork joko zain-edo. Azkeneko hamarkadan ia ez da hedabideetan azaldu; bai ordea, bere izena eraman duen euskarazko saiakera saria, esaterako.
Euskal Herriaz harago
Euskal Herrian sortu, lan egin eta hil den arren, euskaltasuna kanporatzeko obsesioa izan da Juan Zelaiaren egitekoen beste ezaugarri nagusietakoa. Adibide gisa, denon gogoan gelditu den 1974 urteko Everesterako Tximist espedizio hura; nolabaiteko mendekua hartu zuen enpresariak, izen hori berreskuratu eta ikaragarrizko ospea emanez. Itzela izan zen ahalegina eta oso zapore ona utzi zion enpresa-gizon oñatiarrari, «gauza polita izan zen orduan». Euskal mendigoizaleek ez zuten gailurra zapaltzea lortu (300 metro eskasetara geratu ziren), baina bai bigarren saiakeran, Martin Zabaletak 1980an ikurrina bertan paratu zuenean.
Hamar milioi pezetako aurrekontua izan zuen 1974ko abentura hark. Dirutza itzela garai hartan, baina Zelaiak berriro ere umil justifikatzen zuena: «Everestera igotzeko gogoarekin etorri ziren. ‘Zer behar duzue?’, galdetu nien nik. ‘Laguntza’, esan zidaten, beti bezala. Ni beti industria mailan aritu naiz eta bestela beti laguntzetan ibili naiz, baina nik neuk ez dut ezer egiten. Galdetzen didatenean ‘hi, zer eginjok?’, bada erantzuten dut: ‘Ez zekiat, nik lagundu beste batzuei, ahal dudan mailan lagundu’. Ni ez naiz letratua izan, ez ezer».
Dirua eman eta lan talde egoki baten bidez kudeatzen zena bermatzea izan da Juan Zelaiaren lana, oso hitz gutxitan laburbildua. ‘‘Euskonews’’ atari digitalean dago duela hamabost urte inguruko beste elkarrizketa bat eta bertan ere filosofia bera agertzen zuen enpresariak: «Pertsona bakar batek ezin du inoiz bere kabuz ezer egin. Gerra bat jeneralek bakarrik egiten ez duten bezalaxe. Profesional trebeak behar dira. Nire funtzioa taldea funtzionaraztea da, ez besterik. Nik bakarrik ezin izango nuke».
Negozio munduan hartutako usaimena argi uzten du Zelaiak elkarrizketa horietan, orduan garbi ikusten ez ziren dinamikak iragartzen zituelako. Esate baterako, «beti adi-adi» egoteko beharra nabarmentzen zuen, «gauzak egun batetik bestera aldatzen direlako, abiadura ikaragarrian». Mugikorrak eta Internet asmatu berri zirelarik ere, honelaxe erantzuten zuen Euskal Herria eta Europaren arteko harremanaz galdetzen ziotenean: «Europa ez dute filosofoek eta politikoek egingo; Europa telefonoak, Internetek eta gauza horiek egingo dute». Bai ba.
Energia eraldatu
Ez zuen orduan iragarriko, ordea, hain bizitza luzea izango zuenik. Erretzaile amorratua izan den arren, 95 urte bete arte eutsi dio Juan Zelaiak. Haren bateria etengabea agortu da azkenik, Oñatiko etxean. Edo, hobeto esanda, eraldatu, jakina baita energia ez dela sekula ezabatzen, eraldatu baizik. Kasu honetan, bere sostengurik izan gabe bideragarri izango ez ziren mota guztietako egitasmoetan.