Arriak eta Otaegik irabazi dute Sunbillako Torneoa
Bost segundoko tartea kendu diete bigarren sailkatu diren Atutxa II.ari eta Mugertza II.ari.
Arria V.ak eta Joseba Otaegik irabazi zuten herenegun ilunabarrean Sunbillako pilotalekuan jokatu zen Latasaren Oroimenezko Torneoa. Jendetza handia, ikaragarria, batu zen pilotalekuko harmailetan lehiaketa zuzenean ikusteko asmoarekin. Bost bikote aritu ziren nor baino nor, eta bakoitzak 10 kana-erdiko eta sei 60 ontzako ebaki behar izan zituen.
Lehen posturako sekulako emozioa izan zen, aurreneko bi sailkatuen artean. Arriak eta Otaegik lan bikaina egin zuten, baina inoiz ez zuten dozena bat segundo baino alde handiagoa lortu, faborito ziren Mugertza II.a eta Atutxa beti gainean izan baitziren, eta emozio horrek amaiera arte iraun zuen, bukaeran bost segundoko tartea besterik ez baitzen egon.
Hortik atzera, azkar finkatu ziren postuak, eta aldaketarik ez zen izan. Lan guztiak burutzeko, 22 minutu eta 15 segundo behar izan zituzten Arriak eta Otaegik. Bigarren postuan Atutxa eta Mugertza sailkatu ziren. Beraiek bost segundo gehiago behar izan zituzten lanak bukatzeko. Hirugarren postuan Vicente II.a eta Donato Larretxea sailkatu ziren. 24.52 izan zen beraien denbora. Laugarren, Ruben Saralegi eta Rekondo sailkatu ziren (25.51), eta, bosgarren, Azurmendi eta Irazu (28.30).
Besteak
Gainera, Inaxio Perurenak ere normalean plazetan egiten ez dena egin zuen, 500 kilo jasotzea, bi saiotan. Aurrena 280ko harria jaso zuen bi eskurekin, eta, ondoren, 220ko harria esku batekin berdindu zuen bizkarrean. Lan guztiok egiteko 8 minutu eta 20 segundo behar izan zituen leitzarrak.
Azkenik, Xanta Sousa txingalariak 50 kiloko txingak esku bakoitzean hartu eta marka berria ezarri zuen. 6 plaza eta 17 metro egin zituen, aurretik zuen marka 3 metrotan onduz.