Jon LEUNDA
Aizkora

Azurmendik eta Larretxeak finalerako txartela jokoan

Irabazlea urriaren 12an Basaurin jokatuko den finalean izango da Arriarekin, Atutxarekin eta Vicenterekin.

Urrezko Aizkorako Txapeldunen Ligako azken jardunaldia jokatuko da bihar Samaniegon, 13.00etan. Donato Larretxea eta Iñaki Azurmendi arituko dira bertan nor baino nor.

Ligako azkeneko jardunaldia da, baina final baten kutsua izango du; izan ere, urriaren 12an Basaurin jokatuko da lehiaketa honetako finala, eta egun horretan lau aizkolari arituko dira nor baino nor. Hiruk jadanik finalerako txartela poltsikoan dute, eta laugarrena biharko saiotik aterako da. Beraz, Azurmendi eta Larretxea irabaztera behartuta daude, azkeneko ekinaldi horretan izan nahi baldin badute.

Proba ezberdinak egin beharko dituzte, abiadurakoa eta iraupenekoa uztartuko dituzte, eta itxura guztien arabera, azkeneko lanak, iraupenekoak erabakiko du norgehiagoka. Iker Vicente, Arria V.a eta Aitzol Atutxa dira jadanik finalean sartuta daudenak.

Herri herri

Arraiotz eta Menditarrak izan dira Nafarroako Herriz Herri Txapelketako garaileak. Lodosan jokatu zen azkeneko saioan horrelaxe erabaki baitzen. Aurreneko proba konbinatuan, eta kirol gehien izaten direnean, Arraiotz izan zen guztietan onena, eta atzetik, berriz, Basaburua A, Menditarrak eta Berriozar sailkatu ziren. Proba honetan lokotx-biltzea, zaku-lasterketa, aizkora, korrika eta trontza izan ziren talde bakoitzak egin behar izan zituen kirol saio guztiak.

Bigarren proba konbinatuan, berriz, Menditarrak taldea izan zen nagusi, eta bere atzetik, Basaburua A, Arraiotz eta Bera sailkatu ziren. Proba honetan txingatan eta ingude-altxatzean jardun behar izan zuten. Biak ere osoa lehiaketa onak suertatu ziren, eta harmailetan ere giro aparta izan zen. Hainbat herri lehian izanda, bakoitzak bere zaleak eramaten ditu eta giro aparta jartzen dute.

Era honetako lehiaketa Nafarroan bakarrik egiten da. Lehen Araban ere hasi ziren, baina aspaldian ez dute egin, eta bakarra geratzen da. Hala ere, beste federazioek ere berreskuratu beharreko zerbait da.