Jon LEUNDA
Aizkora

Vicentek hasieratik utzi du garbi faboritoa zein den

Otsagabikoarekin batera, Rekondo, Lopez, Saralegi eta Larretxea izango dira Nafarroako finalean.

Ez zen inongo ezusterik izan Nafarroako Lehen Mailako kanporaketan, eta Vicente II.a izan zen bertako onena. Egungo txapeldunak, azkarrena izateaz gain, argi eta garbi utzi zuen txapela lortzeko faborito nagusia bera izango dela. Otsagabikoarekin batera, Rekondo, Lopez, Saralegi eta Larretxea neurtuko dira azaroaren 18an Donezteben. Pellejero, berriz, azkena izan zen, eta Aresokoak datorren urtean Bigarren Mailan aritu beharko du.

Hiru multzotan banatuta lehiatu behar izan zuten aizkolariek. Bakoitzak bi kana-erdiko, bi 60 ontzako eta oinbiko bat ebaki behar izan zituen. Aurrenekoan, Erasun, Vicente eta Lopez lehiatu ziren. Otsagabiko gazteak berehala hartu zuen aurrea, eta lehen postu horretan amaitu zuen saio hori. Atzetik izan zen Lopez, baina Lezaungoak ere finalerako txartela lortu zuen. Ander Erasunek itxi zuen lehen multzoa, baina Aurtizkoak ez zuen finalean izateko helburua bete.

Bigarren txandan, Donato Larretxea, Ruben Saralegi eta Asier Pellejero lehiatu ziren. Saralegi izan zen bertako azkarrena. Bere atzetik sailkatu zen Larretxea beteranoa, baina honek ere helburua bete egin zuen. Pellejerok itxi zuen sailkapena, eta berea aurreko multzoan azkena geratu zen Erasunena baino denbora txarragoa zenez, itxaron egin behar izan zuen hirugarren multzoa jokatu arte, ia mailari eutsiko zion jakiteko. Azkenean, baina, Aresokoak maila galdu egin zuen.

Hirugarren multzoan, Rekondo izan zen saioko azkarrena, eta, leitzarra, gainera, finalean izango da. Ez zuen Vicenteren denbora ondu, baina bai beste guztiena. Atzetik, Kañamares III.a eta Senosiain II.a sailkatu ziren, eta, finalean sartzerik izan ez bazuten ere, mailari eustea lortu zuten.

Iker Vicentek marka ona egin zuen beste behin, eta, egin beharreko lana handia izan ez arren, alde nabarmena kendu zien gainerakoei. Otsagabikoak 15 minutu eta 22 segundo behar izan zituen. Bigarren Rekondo sailkatu zen, 16 minutu eta 9 segundoko denborarekin. Atzetik, Lopez (16.35), Saralegi (17.16), Larretxea (18.03), Kañamares III.a (18.06), Erasun (18.23), Senosiain II.a (20.30) eta Pellejero (26.07) sailkatu ziren.