Xabier Izaga
Kazetaria
IKUSMIRA

Udazkenfest, Arabako elkartasun sendabelarra

Euskalduna izatea pekatua bada, hori aitortu baino lehenago hiltzea hoba da

Euskal jendartea gaixorik dagoela entzuten dugu hitzetik hortzera. Esate baterako, bere buruaz erabaki nahi duela erakusten duenean edo urte hasieran presoen alde kaleak betetzen dituenean.

Duela hiru urte euskal presoen aldeko ekimen bat sortu zen Gasteizen: Udazkenfest. Presoen aldeko jaialdia baino hiru egun lehenago, dena prest zegoenean (baita Udaltzaingoarekin eta suhiltzaileekin adostutako segurtasun plana), Udalak debekatu egin zuen, ekimen pribatua omen zelako, segurtasun arazoak eta beste arrazoi «tekniko» batzuk zirela eta. Ez omen zen erabaki politikoa izan, ordea, sasoiko alkate Javier Marotoren buruko lardaska «tekniko» baten ondorio baizik, nonbait.

Esan nahi al digute edonori hitza ukatzea jarrera osasuntsua dela? Inorentzat osasungarria dela ehunka lagun hamarkada luzeetan kartzeletan eta etxetik urrun atxikitzea gorrotoa elikatzeko xedez? Eta laurogei urteko gurasoen zein bost urteko seme-alaben gainean mendekuaren zama iraunkortzea? Konbentzitu nahi ote gaituzte euskal herritar gehienek eskatzen dutena ukatzea jarrera sanoa dela?

Hori guztia osasuntsua, osasungarri edo sanoa bada, eta euskal jendartea gaixorik badago, ni ere hala nago eta bihar Udazkenfestera joateko ez dut beste arrazoirik behar. Gasteizko erdigune zabalean jendarte «gaixo» baten ekimen osasungarria baita, burutik teknikoki sano dagoen jendeak parte hartzeko modukoa.

Presoen askatasunaren alde agertzea gaixotasuna bada, «hori sendatu baino lehenago Udazkenfestera!».