APB itzulia azken txanpan eta Alex Uranga indartsu
Zortzi txapelketak osatzen dute 2016ko APB zirkuitua. Joan den astean itzuliko seigarren txapelketa jokatu zen eta gaur bertan hastekoa da Nazaren (Portugal) itzuliko azken-aurreko munduko bodyboard txapelketa. Portugalen dira, beraz, lehen mailan lehiatzen diren munduko bodyboardzale onenak, eta lehiakideen artean Alex Uranga zumaiarra dago.
Itzuliko lehen txapelketan ez zuen parte hartu Urangak. Bigarren txapelketa Tahitin izan zen eta han ere ez zuen emaitza onik lortu, hamazazpigarren postuan geratu baitzen. Beraz, aurtengoan ez zuen hasiera ona izan zumaiarrak. Hirugarren txapelketan, ordea, Brasilen, sekulakoa egin zuen, berak irabazi baitzuen txapela eta horri esker rankingean gora egin zuen.
Azken hiru txapelketetan nahiko emaitza onak lortu ditu Urangak. Txilen, El Gringoko urautsian uztailean izan zen txapelketan, bai eta joan den irailean Portugalen izan diren Sintra Pro eta Viana World BB txapelketetan ere, bederatzigarren postuan geratuta.
Egun, APB rankingeko laugarren postuan da Uranga. 2016ko itzulia amaitzeko bi txapelketa falta direnean, aurtengo zirkuitua oso postu onean amaitzeko moduan da zumaiarra. Izan ere, gaur Nazaren hasiko den txapelketa eta urriaren 15ean Kanaria uharteetan izango dena 8.000 puntukoak dira. Hau da, itzulia osatzen duten txapelketen artean badira batzuk beste batzuk baino puntu gehiago ematen dituztenak eta itzuliko azken bi txapelketak horietakoak dira.
Gauzak horrela, Uranga egun laugarren postuan dagoela kontuan hartuta eta lehen postuetan diren lehiakideengandik puntuetan oso gertu dagoela ikusita, datozen bi txapelketa hauetan zumaiarrak emaitza onak lortzen baditu 2016ko APB itzulia oso postu onean amaitzeko moduan izango da, eta ez hori bakarrik, aurtengo munduko titulua eskuratzeko aukera ere izan lezake Urangak.