GARA
DONOSTIA

Baserri giroko thriller-a eraiki du Miren Gorrotxategik «33 ezkil» bere lehen eleberrian

Zubikarai saria irabazita idatzi du Miren Gorrotxategik «33 ezkil» eleberria. Baserri giroko thriller honetan, hilotzak, belaunaldien arteko talkak eta bikote harremanen gorabeherak pilatuko dira.

Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolatzen duten Agustin Zubikarai saria irabazi ostean osatu du Miren Gorrotxategik “33 ezkil”, bere lehen eleberria. «Thriller generoko nobela bada ere, baditu beste hainbat azpigai», azaldu zuen azpeitiarrak liburuaren aurkezpen prentsaurrekoan, eta horien artean «baserri eta kaleko giroaren arteko gatazka», belaunaldi ezberdinen arteko talka, bikote harremanen gorabeherak, anai-arreben arteko gorroto eta ezinikusiak eta «tarteka, hilotzen bat ere» agertzen dela aipatu zuen. «Agertzen eta desagertzen diren hezurrak ere baditugu, eta misterioa behintzat badago nobela guztian zehar».

Lehen eleberria osatzeko gaia aspaldiko kontakizun batetik hartu zuela azaldu zuen Gorrotxategik: «Hasieraz gain ezin dut askoz gehiago aurreratu, baina nobela hasten da protagonistetako batek, Ferminek, burezur batekin topo egiten duenean aitzurrean ari dela». Garizmendi baserrian egin duen aurkikuntzaz larriturik, kalean bizi den bere seme Nestorri hots egingo dio, eta honek arkeologoa den bere bikotekide Bertari, aurkikuntzaren nondik norakoak argitzen lagun diezaien.

Trama korapilatu egingo da, ordea, hara iritsi eta hilotza desagertu dela ikusten dutenean.

«Ideia orain hogei urteko gertakari batetik hartu nuen. Gure osabari antzeko gauza bat gertatu zitzaion: aitzurrean ari zela burezur bat topatu zuen, etorri ziren Aranzadiren ordezkari gisa Paco Etxeberria eta bere emaztea, atera zuten eta Erdi Aroko gizon baten hezurdura zela ondorioztatu zuten», azaldu zuen Gorrotxategik.

Thrillerra

Bere osabaren bizipen hark nobela beltz baterako osagaiak bazituela sinetsita ekin zion azpeitiarrak eleberria idazteari, eta, generoari erreparatuta, kontakizunaren ezaugarriak tarteko thriller gisa idatzi behar zuela ondorioztatu zuen. «Ez da bereziki gustatzen zaidan generoa, denetik irakurtzea gustatzen zait, baina bai nobela beltzak sorrarazten duela harrapatuta egotearen sentsazio hori, jakin-mina irakurtzen jarraitzeko eta apur bat sentsazio hori sorrarazi nahi nuen nire irakurleengan ere, harrapatua sentitzearen sentsazio hori», azaldu zuen.

Xabier Mendiguren editoreak, bere aldetik, idazle berria bada ere elkarrizketa eta flashbacketan «bikain» moldatzen den egilea dela azpimarratu zuen.