J.L.
sokatira

Ibarran banatuko dira goma gaineko aurreneko txapelak

Euskal Herriko Lauko Txapelketako finala jokatuko da gaur Ibarrako kiroldegian, 17.00etatik aurrera. Denboraldiko lehenengo txapela banatuko da, eta 320ko mailan jokatuko dute. Bi saio izan dira orain arte, eta taldeak bi multzotan banatuta aritu dira. Multzo bakoitzeko aurreneko hiru sailkatuek lortu dute finala jokatzeko txartela, eta horiek arituko dira gaur arratsaldean.

Klub bat baino gehiago aritu da bi talderekin, baina Ibarrak bakarrik lortu tu du biekin finalean izatea. Beraz, Ibarra A, Ibarra B, Murueta A, Txantrea, Beti Gazte eta Ñapurrak izango dira gaurko saioan. Murueta A eta Beti Gazte izan dira lehen faseko onenak, euren multzoan nagusi izan baitira, baina ez da aparteko alderik egon, eta Ibarra A eta B eta Ñapurrak ere faboritoen zerrendan sartu beharko lirateke.

Finalak ezberdinak izaten dira, eta sailkatzeko probetako helburua finalean sartzea izaten da; gero azkeneko ekinaldian gauzak aldatu ere egiten dira. Ibarra etxean arituko da, eta horrek indarra ere eman liezaioke, nahiz eta hasiera batean Murueta eta Beti Gazte diren bi faborito nagusiak, Ñapurrak eta Ibarra A ahaztu gabe.

Nafarroako Txapelketa, berriz, bukatu da, eta jokatu diren hiru mailetan badaude txapeldunak. Mutilak 600eko mailan lehiatu dira, eta Beti Gazte izan da onena. Beste bi mailetan, berriz, Berriozar izan da onena. Gizonezkoen kasuan zortzikoan aritu dira, baina neskak eta mistoak seikoan. Nesketan, 375ekoan, Berriozar eta Txantrea bakarrik lehiatu dira, eta aurrenekoarentzat izan da txapela, eta 420ko mistoan ere Berriozargo taldea izan da onena.