Kutsu alpinoa dutenbi proposamen berri zabaldu dituzte
Alluitzen, Aitor Garitaonandia eta Aitor Azuetak «Dinosauroen kanposantua» (7c+, 260 m) sortu dute. Eta Espelungako hormatzarrean, Mikel Zabalzak eta Eneko Cesarrek «Mas gasolina» (7c, 300 m) zabaldu dute.
Euskal Herriko zein gure ingurumariko pareta alpinoetan jarduten duten euskal sortzaileek pare bat proposamen aurkeztu berri dizkigute. Hurrengo lerrootan aipatuko ditugun bi bide berriek estilo bera dute. Protagonistek kutsu alpinoaren aldeko aldarrikapena egin dute, eta lasai asko esango genuke asmatu egin dutela.
Lehenengo proposamena Aitor Garitaonandia eta Aitor Azuetaren eskutik etorri da. Sokada durangarrak Alluitz mendian “Dinosaurioen kanposantua” bidea (7c+, 260 m) zabaldu dute. Bigarrena, berriz, Nafarroarekin mugan dagoen Anson haranetik iritsi zaigu; hain zuzen ere, Espelungako hormatzarretik. Han, Mikel Zabalza eta Eneko Cesar iruindarrek “Mas gasolina” marra (7c, 300 m) sortu dute. Eta, aipatu dugun bezala (ikus krokisak), bi proposamen berriek kutsu alpinoa dute.
Jardun horien lerroburuak aipatu ondoren, bi bide horien inguruan xehetasun gehiago emango ditugu. Etxetik hasiko gara, Alluitzetik. Garitaonandia eta Azuetak “Eibartarren ertza” izenez ezaguna den tartean zazpi luze zabaldu dituzte; hain zuzen ere, irail eta urri artean. Eskalatzaileok azpimarratu nahi izan dute “Dinosaurioen kanposantua”-k bi zati ezberdin dituela. Lehenengoan (lehen lau luzeak) zailtasun gogorrenak 6b+ arte iristen dira, eta luze horiek oso garbi daude: «Lehenengo zatiak kutsu alpinoa du, autobabesean oinarritzen da eta ematen duena baino ederragoa da. Luze horiek zailtasun handia ez izan arren, gradu estu samarrak ditu, ongi eskalatzera behartzen dute».
Bigarren zatiak, berriz, “saltsa” handiagoa du; izan ere, pareta tenteago jartzen da eta luzeen zailtasuna gogorragoa da: «Azken hiru luzeak teknikoki zailagoak dira. Paraboltez babestutako plaka ederrak gurutzatzen ditu. Azken luzea, adibidez, ederra da oso; ertz estetiko batean eskalatzen da, eta amaieran ertz aldaketa polita egiten da. Horrekin batera adierazi nahi dugu azken luzeak bide zahar batekin egiten duela topo, eta zeuden burilak kendu ditugula. Azken aipamen bat: arren, horma horrek dituen erregulazioak errespeta itzazue».
Ansoko zigilua
Bigarren proposamena Espelungako hormatzarretik dator. Zabalzak eta Cesarrek “Mas gasolina” bidea bi urte desberdinetan zabaldu dute. 2014. urtean lau luze ireki zituzten, eta joan den irailean, beste bost zabaldu ondoren, bukatzea erdietsi zuten.
Iruindarren bidea “Urdaburu” marraren ezkerretara dago: «Berez, lehen luzea ‘Urdaburu’-koa da. Guk luze zuzenago bat zabaldu genuen, baina, arrokaren kalitatea txarra dela eta, hobe da aipatutako lehen luze horretatik hastea. Ondoren, nahiz eta gipuzkoarren bidearen ondotik joan, gureak zuzeneko ibilbidea hartzen du. Eta ‘Urdaburu’-ren ageriko sabaiaren ondoan, hor ‘Mas gasolina’ guztiz banatzen da».
Bederatzi luzeetatik lau zazpigarren gradukoak dira, eta luze gogorrena 7c-koa bada ere, derrigorrezko gradua 6c+ da. Eskalatzaileok ahalik eta parabolt gutxien sartzen saiatu ziren: «Gure estiloari jarraituz, bukatu berri dugun bide horretan ondo ‘katxarreatu’ behar da. ‘Urdaburu’-ko erlaitza utzi eta hurrengo bi luzeen arrokaren kalitatea txarra da. Ez dira luze zailak, baina buruari asko eskatzen diote. Hortik gora, berriz, oso luze onak daude: plakak, diedroak… Abentura kutsua duen bide polita sortu dugu; uste dugu errepikatuko dela».