Beti Gazte eta Ibarra dira txapelak irabazteko faboritoak
Lauko Euskal Herriko Txapelketako azkeneko ekinaldia jokatuko da gaur, 17.00etan, Kortezubiko pilotalekuan. Alde batetik, gizonezkoen 300 kiloko finala jokatuko da, eta bestetik, emakumezkoen 260ko hirugarren eta azken jardunaldia.
Mutiletan, Ibarra A, Beti Gazte A, Beti Gazte B, Murueta A, Murueta B eta Uztaritzeko Gazteria izango dira lanean arituko direnak. Murueta eta Beti Gazte dira finalean bi talde sartu dituzten bi klubak, eta Lesakakoak dira, gainera, finala irabazteko faboritoak.
Nesketan, Badaiotz, Ibarra, Txantrea, Berriozar, Bizindar eta Uztaritzeko Gazteria dira lanean ari diren taldeak. Maila honetan ligaxka moduan ari dira jokatzen, eta aurreko bi saioetan Badaiotzek tiraldi guztiak irabazi ditu, eta txapela ia poltsikoan dauka, Ibarrari hiru puntuko aldea kentzen baitio.
Kortezubiko saio honekin amaituko da Lauko Txapelketa, eta urte berriarekin batera hasiko da zortzikoa, eta denak hari begira daude, horixe baita maila nagusia.