Amagoia Mujika
Kazetaria
IKUSMIRA

Hankak betiko lokatzetan

Bazter guztietatik agertzen zaizkit jostailuen katalogoak. Denak igualtsuak. Askotan iruditzen zait puzzlea asmatu zuenak egin zuela jostailugintzan azken berrikuntza handia. Baina, tira, arretaz begiratu ditut katalogoak eta horietan jasotakoaren txostena eta emendakina bidali dizkizut, Olentzero. Beharko duzu laguntza, beti lasai plantak egiten badituzu ere.

Harritu nau esku artera etorri zaidan katalogo horietako batek. Betikoa espero nuen eta betiko jostailuak topatu ditut, baina jostalariak desberdin igarri ditut. Oso desberdin. Mutikoak txerritxo arrosarekin txoratzen eta neskatoak heroi urdinarekin gerra betean. Katalogo horretan mutikoek jartzen dute garbigailua, mutikoek plantxatzen dute arropa, sukaldean mutikoak aritzen dira, baita panpinak sehaskatxoetan lokartzen ere. Erosketako orgatxoarekin, mutikoak. Eta panpinak aulkitxoan paseatzen, mutikoak. Neskak, berriz, buztinarekin eskuak zikintzen, baloiarekin jolasean, bizikleta urdinetan eta abiada biziaren itxurak egiten eta boxeoko punching horietako bati kolpeka. Harrigarria Olentzero.

Baina ez nau erabat konbentzitu proposamenak, ez dudalako asko sinistu. Bertan neskatoek tulezko gona eta zapatatxoak jantzita egiten dute boxeoan. Gerritik gora boxeolari, gerritik behera printzesa. Itxurazko jendarte hau bezalaxe; gerritik gora parekide eta justu, eta hankak betiko lokatzetan sartuta. Ez dakit katalogoaren egileek oso ondo ulertu ote duten jostailu ez sexistena. Saiatu dira.

Baina gustatzen zait katalogo horretan irudikatzen den etorkizuneko jendartea, emakumeek ez dutelako sekula plantxatzen.